Ostiralean Athleticek eta Bartzelonak Madrilen jokatuko duten Espainiako Kopako finalari begira, BERRIAk eta Vilawebek elkarlanean iPhonerako aplikazio bat sortu eta paperezko gehigarri bat prestatu dute.
Duela hiru urte Valentzian bi taldeek jokatu zuten finalean ere gehigarria egin zuten elkarrekin BERRIAk eta Vilawebek. Orduan bezala, gehigarriaren orrialdeen erdiak euskaraz izango dira, eta beste erdiak katalanez. Tiko Athleticeko jokalari ohiak iritzi artikulu bat idatzi du, talde zuri-gorriaren ikuspegitik. Isaac Rosa idazleak, berriz, Madrildik ongietorria egin die bere testuan bi taldeei, «beste Madril aurrerakoi bat» dagoela adierazteko. Gehigarriak Euskal Herriko, Kataluniako eta Madrilgo publizitatea izango du. Ostegunean banatuko da,BERRIA egunkariarekin batera. Ostiralean, berriz, modu honetan egingo da banaketa: 5.000 ale Bilbon, 5.000 ale Bartzelonan eta 10.000 ale Madrilen. Azken 10.000 horietatik erdiak Athletic Hiria gunean banatuko dituzte, eta beste erdiak Bartzelonaren karpan.
Eduki bereziak iPhonerako
Aurreneko aldiz, Vilawebek eta BERRIAk iPhonerako aplikazio bat sortu dute elkarrekin. Hain zuzen, iTunes denda digitaleko bilatzailean Athletic-Barça idatzita aurki daiteke aplikazioa eta doan hartu. Gainera, iPadean ere har daiteke. Euskaraz eta katalanez daude aplikazio horren edukiak. Gailuaren pantailan ikus daitezkeen pankartak daude, esate baterako, honako lelo hauekin: Athletic geurea, Gabarra atera baietz, Aupa gure mutilak, Athletic bakarra munduan... Youtubeko bideoak badira bertan, Athleticek eta Bartzelonak denboraldi honetan Espainiako Kopan jokatutako partidetako golekin. 1983/84ko denboraldian Athleticek liga eta kopa irabazi zitueneko bideo bat ere ikus daiteke. Halaber, zarata ateratzeko aukera ematen du aplikazioak. Ostegunetik aurrera, arestian aipatutako euskarazko eta katalanezko gehigarria eskuragarri izango da formatu digitalean. Bi taldeekin lotutako banderak ere badira: Athletic, Barça, Athleticen armarria, ikurrina, senyera, estelada blava, estalada roja eta senyera+ikurrina. Azkenik, aplikazioaren barnean aukera izango da finalaren inguruko Twitterreko iruzkinak ikusteko.
Jon Eskudero BERRIAko kazetaria eta Lara Madinabeitia Berria Telebistako bideogilea Madrilen izango dira, eta finalaren inguruko giroa nolakoa den kontatuko dute.
Komunikazioa
Kopako finalaz iPhoneko aplikazioa sortu dute BERRIAk eta Vilawebek
2009ko finalean bezala, bi hedabideen artean gehigarri berezia prestatu dute, euskaraz eta katalanez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu