Telebistan gehienbat Goenkale telesailean lan egindakoa bada ere, antzerkian nahiz zineman ere aritu izan da Yannick Vergara (Barakaldo, Bizkaia, 1983).
Andoni Agirregomezkorta aurkezlea kendu, eta hainbat aktore berri hasi zarete aurten Vaya Semanita-n. Zer moduzko giroa topatu duzu?
Erronka zaila genuen, besteek urte asko pasatu baitituzte. Jendea haiekin ohituta zegoen, eta hasieran normala da jendea gustura ez egotea gurekin. Baina familia giro handia sortu dugu, eta atzetik dagoen lantaldea ere bikaina da: makillatzaileak, jantzien arduradunak... denek lan zoragarria egin dute, eta sekulako babesa jaso dugu. Lantalde guztiari eskerrak eman nahi dizkiot.
Vaya semanita cambio radical izena jarri diote saioari. Aldaketak egin dituzte, baina funtsean, esketxen eskema antzekoa ez da?
Gidoilari taldea eta lantalde teknikoa ia ez dira aldatu, eta hori nabari da, funtsa gorde da. Umorea egin nahi dute, inori minik eman gabe, errespetu osoz, eta, alde horretatik, ildo beretik jarraitu dute.
Ikus-entzule kuota hobetu nahian egin dituzte aldaketak. Ikus-entzuleen presio hori antzeman duzue?
Bai, baina edozein produktutan nabaritzen da hori. Ikus-entzuleeen mamua beti hor dago. Asko arriskatu dira, eta atzetik dagoen lana izugarria da. Kritika ugari jaso ditugu, eta normala da; gauza berrietara ohitu egin behar da. Kritika horiek egin dituztenak gonbidatuko nituzke astebete gurekin lan egitera; ikusteko zer ilusio, zer ahalegin eta zenbat lanordu pasatzen ditugun hori aurrera ateratzeko.
Halere, zuen helburua lortu duzue. Ikus-entzule kopuruari dagokionez, emaitzak asko hobetu dira.
Azken bi urtetako onenak izan dira; horrek zerbait esan nahi du.
Vaya semanita-ren aurkezpenean esan zuten kutsu politikoko umorea gutxi erabiliko zutela. Zure ustez, hori horrela da?
Bai, nahikoa betetzen da, eta eskertzen dut, ez baitzait politika batere gustatzen. Erosoago sentitzen naiz bestelako gaiak jorratzen.
Kritikaren batzuk ere jaso dituzue, esaterako, Goierriko ileapaintzailearen pertsonaiak emakume abertzaleez ematen duen irudia dela eta.
Barre egiteko modu bat da. Estereotipo horiei buruz barre egitea positiboa da. Batzuetan estereotipoa beteko da, besteetan handituta egongo da; baina betiere, samurki egindako kritika izan da, eta jendeari asko gustatu zaio.
Aurretik telebistan Goenkale-n ibilitakoa zara. Antzerkian ere lan dezente egin dituzu. Zineman batez ere film laburrak egin dituzu.
Bai, udan tvmovie bat grabatu genuen, Anfitrioi berezia, euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean. El último robleteaser bat ere egin dugu, AEBetara eraman eta han finantzaketa eskatzeko. Kandido Urangarekin film labur bat egin dut, Mi nombre es Charless Tasty. Horiez gain, lanik ez nuen aldi batean Arrosak Maddirentzat film laburra egin nuen: nik idatzi, zuzendu eta antzeztutakoa.
Ikasketaz itzultzailea zara, eta bikoizketa ere ikasi duzu. Harlo horietan lan egin duzu?
Bai, urte eta erdi pasatu nuen Rec-entzako itzulpenak egiten, gehienbat ETBrako filmak. Euskara irakasle ere ibili naiz. Bikoizketa ikasi nuen, baina oso gutxi egin dut lan arlo horretan; talde itxia izaten da, eta hor sartzea oso zaila da. Euskarazko bikoizketetan, gainera, kalitatea gero eta handiagoa da, baina kantitatea gero eta murritzagoa. Nahiago dut bikoiztu gabeko produktuak ikustea, baina lan batzuk itzultzea berebizikoa da; indar handiagoa jarri beharko litzateke, diru laguntza gehiagorekin.
Komunikazioa. Yannick Vergara. 'Vaya semanita' saioko aktorea
«Kritikak jaso ditugu, eta normala da; gauza berrietara ohitu egin behar da»
Aurkezlea, elkarrizketa eta platoa kendu, pertsonaiak aldatu eta itxura berria eman nahi izan diote ETB2ko umore saioari; aurten hasi diren aktore berrietako bat da Yannick Vergara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu