Komunikazioa

Laguntzaile berriak lortzeko kanpaina abiatu du 'Karkara' aldizkariak

Orioko eta Aiako herri aldizkariak 300 laguntzaile ditu eta 500era iristeko helburua jarri dute

urtzi urkizu
Donostia
2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Egoera ekonomiko txarrari aurre egiteko, finantzaketa bide berriak bilatzeko premia du Orioko eta Aiako Karkara euskarazko aldizkariak. Bi udalekin hitzarmenak lotu nahi ditu, publizitate bide osagarriak landu eta laguntzaile gehiago lortu. Azken helburu hori gauzatzeko, kanpaina bat jarri dute martxan. «300 laguntzaile ditugu gaur egun, eta ez naiz gauza hitzekin egoki adierazteko zenbateko zorra dugun haiekin», dio Karkara-ko zuzendari Ana Gonzalez de Txabarrik. «Gure oinarria eta arnasa izan dira. Baina gehiago nahi ditugu. 500 laguntzaile izatera iritsiko gara, ezta?» Duela 23 urte sortutako proiektua «errealitate sendo» bihurtu den honetan, segida behar duela uste du aldizkariko arduradunak.

Krisia dela eta, aurtengo aurreikuspenak ez dira onak aldizkariarentzat: nahiz eta udalek emandako diruak apur bat gehituko diren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiarenak jaitsi egingo dira. Eta arduradunek argi dute publizitatearenak ere jaitsi egingo direla.

Horiek horrela, «kontuak berdindu ahal izateko eta estutasunetik libratzeko» bide bat geratzen zaio: laguntzaile berriak lortzea, ahalik eta gehien. Aldizkariaren orri batzuk banatu egingo dituzte datozen asteetan, laguntzaileak lortzeko. Horrez gain, Orioko kultur etxean, kiroldegian eta osasun etxean ere egongo dira laguntzaile izateko orriak. Horiek bete eta kultur etxera eramatearekin nahikoa izango da.

2011. urtean, Orioko Udalak 13.400 euro eman zizkion aldizkariari, eta Aiakoak, 6.354. Eusko Jaurlaritzak 11.378 euro eman zizkion, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, 6.621. Aurrekontuaren erdia baino gutxixeago bete zuten laguntza publikoek. Publizitateko diru sarrerak 30.600 eurokoak izan ziren iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.