Legearen bidetik zaila ematen du luze gabe ETB Nafarroan LTD bidez ikusi ahal izatea. Gauza bera esan daiteke TV3 kateaz Valentziako erkidegoan. Edo Bierzo eskualdean TVG ikusteaz. Aurreko legegintzaldian, PSOE gobernuan zela, sozialistek arazoari irtenbidea emateko aukera izan zuten. Baina kontua atzeratuz joan zen, Maria Teresa Fernandez de la Vegak betoa jarri ostean. Azkenean, iazko irailean egitasmoa hurrengo legegintzaldian eztabaidatuko zela onartu zen, PPren abstentzioarekin.
PP gobernuan, atzo iritsi zen Mugarik Gabeko Telebista herri egitasmo legegilea eztabaidatzeko eguna. Egitasmoa Madrilgo Kongresura irits zedin 500.000 sinadura behar ziren, eta Accio Cultural talde sustatzaileak 651.650 sinadura aurkeztu zituen. Hainbat alorretako taldeen babesa ere izan du egitasmoak azkeneko hilabeteetan. Baina PPren abstentzioa kontrako boto bilakatu da, eta Madrilgo Gorteek ez dute aintzat hartu. Gainontzeko alderdiek baiezko botoa eman dute, UPDren kontrakoa izan ezik.
Aitzakia teknikoak eman ditu PPko legebiltzarkide Jose Maria Moreno Bustosek egitasmoaren aurka jotzeko. «Egitasmoak proposatzen duena aurrera eramateak aldaketak ekarriko lituzke multiplexetan, eta horrek estatuari finantzaketa bat eskatuko lioke multiplex horietan». PPren arabera, espektroan eskasia dago, eta, gainera, telefono konpainiak sartuko dira 2015erako. «Espektroa ondasun urria da. Eta haren kudeaketan ezin da ezarri den planaren aurka jo». PPren arabera, LTDan birplanteamendu bat ematen ari da, eta erkidego batzuetan lankidetza itun batzuk sinatu dituzte seinaleak trukatzeko. «Baina handik aurrera estatuak ezin ditu multiplexetan bestelako aldaketak egin».
UPDko Irene Lozanok bestelako argudioak eman ditu kontra azaltzeko: «Mugak eraiki nahi dira, eta estatuak hori finantza dezala. Kolonizazio ideologiko bat da, inperialismo kultural kataluniarrena».
Irrati eta telebista autonomikoetako emisioak beste autonomia erkidegoetan jaso ahal izatearen alde egin dute, aldiz, PSOEk, Amaiurrek, EAJk, Geroa Baik, ERCk, CIUk, IUk eta Compromis-Equok.
Aldeko hitza hartuz, PSOEko Joaquim Francesc Puig Ferrer legebiltzarkideak salatu du PPk beldurra diola pluralismoari eta adierazpen askatasunari: «Konfrontazioaren estrategia nahi du PPk, politikoki emaitzak ematen dizkiolako».
Geroa Baiko Uxue Barkosen ustetan, Accio Culturalen proposamena oso zentzuzkoa da. «Milaka nafarrek telebista edozein hizkuntzatan ikus dezakete, euskaraz izan ezik. Oso zaila da haur bati azaltzea ezin dituela euskaraz marrazki bizidunak ikusi». Barkosek gogoratu du Espainiako Gobernuak Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna onartzeko konpromisoa hartu zuela Jose Maria Aznar presidente zenetik.
Amaiurreko Xabier Mikel Errekondok gogoratu du Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ETB primeran ikusten dutela. «Nafarroan, aldiz, euskararen aurkako gurutzada bat dago eta sinatutako akordioak ere ez dituzte betetzen. PPri eskatuko nioke frankismotik heredatu duten hizkuntzekiko jokaera zuzendu dezala. Bakarrik borondate politikoa falta da».
EAJko Aitor Estebanek adierazi du ez dela batere erraza 650.000 sinadura biltzea. «Harresi politiko bat jartzea ez da oso baliozkoa. Ez litzaioke herritarrari eragotzi behar nahi duen katea jartzea». Estebanek gogorarazi du PSOEren gobernuak gaia 2010. urtean onartzeko aukera izan zuela baina atzeratu egin zuela.
IUko Ricardo Sixtoren ustez,estatuaren eskumena da hizkuntza bateko telebista hizkuntza hori erabiltzen den lekuetan ikustea.
Komunikazioa
Madrilgo Kongresuak ez du aintzat hartu Mugarik Gabeko Telebista
Accio Culturalek bildutako 651.650 sinadurei muzin egin eta arazo teknikoak jarri ditu aitzakiatzat PPk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu