Komunikazioa. Ekografiak

Mallorcan hasi dira

Aritz Galarraga.
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Demokrazian bizi omen da Espainia, baina ixten dituzte komunikabideak. Publikoak, gainera, herritarron sosekin kristauki pagatuak. Atzo behar zuen, baina aurreko ostiralean emititu zuen azken aldiz Televisio de Mallorca kateak. Ez hori bakarrik, osoki eten zuen beharra Radio Televisio de Mallorca-k, irlan katalanez esklusiboki ari ziren irrati-telebista publikoak biltzen dituen erakundeak. Eta erabakia dagoeneko orain hilabete batzuk hartu zuen uhartea gobernatzen duen kontseiluak, Alderdi Popularraren gehiengoaren azpian dagoenak. Espainiako Estatuan komunikabide publiko bat ixten den lehen kasua da.

Noski, aitzakia da dirua, edo diru falta. Ez omen dago diru nahikorik 115 langile hartzen dituen dimentsio txikiko komunikabide talde bat ordaintzeko. Jakin nahi nuke alemanek zenbat uzten duten urtero garagardotan soilik. Baina garai batean dena ETA bazen, orain da dirua. Eta ez dago, sinestuko diegu. Sinistuko diegu, baldin eta PPk katalan hizkuntzaren aurka duen tema sistematikoa kontuan hartzen ez badugu behintzat. Kontuan hartzen ez baditugu hizkuntza hori hitz egiten den PPren gobernupeko lurraldeetan jartzen diren traba, oztopo, gurpiletan makilak—TV3 ez ikusteko ahaleginak Valentzian, IB3 katearen gaztelaniartze progresiboa irletan—. Horrek ez du kentzen diruarena arazo larria izatea. Pentsa, publikoetan arazo bada, komunikabide pribatuetan nolakoa den. Hemen gurean ikusten ari gara, azkenaldian suminduta daudela euskarazko hedabide ez-publikoak —tartean daude HamaikaTB eta hainbat tokiko telebista—. Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaitsiera gogorra izango da datozen urteetan. Eta Jaurlaritzarenak dira euskarazko komunikabideen diru laguntza garrantzitsuenak. Diputazioek ere, oro har, jaitsi dituzte diru laguntzak. Eta Nafarroako egoera utziko dugu beste baterako, harrika hasiko ginateke bestela.

Dena den, orain Televisio de Mallorcaren txanda izan da. Batek esan dezake ez dela oso larria, irla txiki bateko telebista txiki bat. Urruti geratzen zaigu, apenas iritsi den kexu hotsik. Baina ni ez nengoke sobera lasai IB3 edo Canal9-ko langilea banintz. Ezta, badaezpada, TV3ekoa. Zer esanik ez ETBn jardungo banu, kontua nola dagoen ikusita. Hasi beti nonbaitetik hasten baitira gauzak, zehazki non bukatuko diren jakin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.