Oraindik falta bada ere, jada hasi da hurrengo Espainiako hauteskundeei begirako kanpaina. Alderdi bakoitzak bere tresna komunikatibo eta politikoak erabiliko ditu berriro ere oraingo honetan ere. Teknologiaren alorrean ere ezustekoak izango ditugu, baina dagoeneko batzuk oso argi uzten ari dira nola ulertzen duten teknologiaren erabilera alor honetan ere.
Beste askotan kritikatu izan ditugu teknologia berrien erabilera hutsalak, parte hartze gisa ezkutatzen diren komunikazio estrategiak eta abar. Web 2.0 etiketa aspertu arte erabili duten alderdi eta talde politikoak azkenaldian ugari dira. Hala ere, oraingoan PPk muga guztiak gainditu ditu http://movimimentoparaelcambio.es webgunearekin.
Webgune horren bidez, PPk eskatzen du zure Twitter eta Facebook profilak beren komunikazioak egiteko erabiltzea. Urriaren 6,7 eta 8 bitartean, PPk bere bilkura nagusia egiten duen bitartean, edozein komunikazio zure sare sozialetako profiletan automatikoki publikatzeko baimena eskatzen digu.
Teknologiaren atzean balio eta jarrera batzuk egoten dira beti, eta kasu honetan, PPk bereak, behintzat, oso argi uzten dizkigu. Spam (eskatu gabeko publizitate edo informazioa) politiko hutserako erabili nahi ditu bere jarraitzaileak. Zonbi batzuen moduan, haien ideiak zabaltzeko era automatikoen bidez, gure lagunen profiletatik etorritako PPren komunikazio agentziaren informazioa iristeko arriskua dugu.
Alde batetik, eskertzekoa da zintzotasuna, baina benetako pertsonen arteko trukean oinarritutako testuinguruaz ezer ez jakitea erakusten du. Testuinguru honetan, pertsonek beraien artean duten sinesgarritasunean oinarritzen da komunikazioen sinesgarritasuna. Spam politikoaren bertsio berri honetan jarraitzen ditugun pertsonen sinesgarritasuna erabiltzea, hori horrela dela dakigun momentutik, ez da batere ideia ona. Estrategia horrekin PPk hedapena lortuko du, bai, baina, aldi berean, bere kontua uzten dieten kontaktu sare hori guztiaren sinesgarritasuna txikituko du.
Epe motzerako estrategia hori neoliberalismoan oso ohikoa den erabili eta botatzeko filosofiaren erakusgarria besterik ez da. Leloak erakutsi nahi duen aldaketa baino gehiago, betiko spam politikoa okerrago egiteko mugimendu bat besterik ez da. Izenak ez du izana egiten, ezina baizik.
Komunikazioa. Irlen sarea
'Movimientoparaelcambio.es'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu