Grande-Marlaska taldeko musikaria da Roberto Herreros (Calahorra, Espainia, 1975). Goroka ekoizpen etxearekin ari da orain Mapa sonoro saioan lanean.
Zer bidaia mota proposatzen du Mapa sonoro saioak?
Musika bidaia bat da Mapa sonoro, Iberiako Penintsularen erradiografia bat egiten duena. Musika panoramaren proposamenik estimulagarrienak bilatzen goaz bidaian.
Zein da zuen premisa nagusia, eta zer lortu nahi duzue?
Saioa bidaian oinarritua dago, platoarena antinaturala iruditzen zitzaigulako. Bidaiaren kontzeptua asko gustatzen zaigu. Eta, gainera, musikariak bizi diren lekuetara gerturatzeak gehiago esaten du haien musikaz elkarrizketa promozional mordo batek baino. Musikaria bizi den inguruak eragina du kantetan.
Programak ez du aurkezlerik. Zergatik hartu zenuten erabaki hori?
Saioaren planifikazioa egitean, konturatu ginen aurkezlearen figura sobran zegoela. Jabetzen gara off-eko ahotsa zenbait unetan arraro egiten dela. Baina konponbide duina da, eta naturalagoa. Saioan pertsonaia anbiguo bat da Off-eko ahotsa, eta musikari bat ezagutzeko helburua du. Bestalde, bidaia bakoitza planifikazioaren eta zoriaren nahasketa bat da.
Mapa sonoro-tik pasatu diren musikarien artean Fermin Muguruza eta Ruper Ordorika daude. Zer garrantzi ematen diozue euskaraz, katalanez eta galegoz ari diren musikarien lanak zabaltzeari?
Oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Hasieratik argi genuen gaztelania ez den beste hizkuntzetako musika zabaldu nahi genuela. Indartzen joan gara hori. Oroitzen naiz Kataluniako bi musikari bildu eta gaztelaniaz grabatu genuela haien arteko elkarrizketa. Gero konturatu ginen oker egin genuela, haien artean katalanez hitz egitera ohituta baitzeuden. Handik aurrera, musikariak beren inguruan daudenean beren hizkuntzan mintza daitezen uzten dugu. Adibidez, Ruper Ordorika Oñatiko kaleetan edo tabernetan euskaraz aritu zen, eta guk gero gaztelaniazko azpidatziak jarri genituen. Duela gutxi, Emilio Jose galiziarra galegoz mintzatu zen.
Gaur egun, LTDan dagoena ikusita, salbuespen bat da zuen saioa. Baina ez al dute halako proiektuek promozio gutxi izaten?
Bai, hala da. Baina zortea izan dugu alde horretatik. TVEren Cultura.es kanal digitalean hasi ginen ematen La2era heldu aurretik. Saioa Internet bidez hasi zen ezagun egiten. Presiorik gabe utzi gintuzten lanen. Eta La2era jauzi egin genuenerako, ez ginen zerotik hasi. Datuek lagundu gaituzte, gaueko La2eko programazioan gehien ikusten diren saioetan bigarrena baita. Telebistan berehalako emaitzak behar izaten dituzte, baina telebista publikoan ez luke hala izan behar. Nire iritziz, posible da entretenimenduak eta zorroztasunak bat egitea, eta ikusle multzo duin bat izatea.
Telebista publikoak ematen du Mapa sonoro. Gaur egun, telebista pribatu batek emango al luke zuena bezalako saio bat?
Telebista pribatu batek egin dezake horrelako saio bat, eta telebista publiko batek egin beharra du horrelako programa bat. Telebista publikoaren zeregina zerbitzu publikoa eskaintzea da. Eta musika saio batean ez egotea industriaren menpe, komunikabide guztietan erreta dauden kantariak ateratzen. Hori ez litzateke zerbitzu publikoa. Garrantzitsuagoa da publiko zabalari erakustea lurpetik zer proposamen interesgarri sortzen ari diren.
Telebistan entzuten den musikaz zer iritzi duzu?
Ni ez nago Operación Triunfo-ren tankerako saioak satanizatzearen alde, baina kontuan izan behar da halakoek ez dutela zerikusirik musikarekin. Operación Triunfo-tik pasatu diren gazteetatik dozena erdi ez dira gero ibilbide diskografiko bat egin dutenak. Gertatzen da aspaldian musikak ez duela lekurik telebistan. Nik faltan sumatzen ditut 80ko hamarkadan TVEn Carlos Tenak egiten zituen saioak. Musikatik aparte, La bola de cristal gogoratzen dut, eta pentsaezina da egun kate bat horrelako saio bat ematera ausartzea. Bestelakoan, telebistan entzuten den musika anekdotikoa da. Saiatu izan dira behin baino gehiagotan, baina kateetako arduradunek ez dute pazientziarik izan, eta ez dute jarraikortasunik izan.
Komunikazioa. Roberto Herreros. La2eko 'Mapa sonoro'-ko gidoilaria
«Musikariak bizi diren lekuetara joateak gehiago esaten du haietaz»
Astelehenero 00:15ean ematen dute 'Mapa sonoro' musika programa. Larunbatero errepikatzen dute, 12:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu