ETB Nafarroan LTD bitartez ikus dadila eta Navarra directo saioak orain arte bezala jarrai dezala eskatzeko, 120 gunetan 43.000 sinadura jaso dituzte programa horretako langileek. Eta sinadura guztiak Nafarroako Gobernuari emango dizkiote gaur goizean. Aurki Eusko Jaurlaritzan ere entregatuko dituzte.
ETBko zuzendaritzak duela aste batzuk lantaldeari iragarri zion programa abenduaren 30ean amaituko zela. Baina, mobilizazioei esker, azkenean zuzendaritzak amaiera hori uztailaren 15a arte luzatzea erabaki du. LAB sindikatuak langileen kemena txalotu zuen joan den astean: «Asteak daramatzate haien egoera salatu eta atxikimenduak lortzen, eta mobilizazioei esker lortu dute programaren amaiera atzeratzea». Baina, sindikatuaren ustez, zuzendaritzak hori proposatu du langileak ahuldu eta programaren itxiera eta kaleratzeak bi fasetan egiteko.
Langileek, atzo Iruñean egindako agerraldian, hau adierazi zuten: «Gure lan egoerari dagokionez, gaur egun dakigun bakarra da Navarra directo ezabatzea uztailaren 15a arte atzeratu duela EITBk. Ez dakigu zer baldintzatan jarraituko duen saioak ordura arte. Izan ere, aurrekontua nabarmen murriztuko dute, eta hainbat langile kalean geldituko dira». LABek jakinarazi zuenez, programa aurrekontuaren laurdenarekin egitea proposatu dio ETBk Begira Comunicacion ekoizpen etxeari. Langileek hurrengo egunetan jakingo dute nola jarraituko duen saioak eta zenbat langile geldituko diren kalean. Dena den, argi dute hainbat langile kaleratzen badituzte saioak ezingo diola eutsi kalitateari.
Bihar elkarretaratzea Iruñean
Sinadura eta atxikimendu bilketa dela eta, esker oneko hitzak egin dituzte langileek. «Azken hilabetean jaso dugun babes soziala oso handia den arren, eta milaka pertsonak ETB eta Navarra directo Nafarroan LTD bitartez ikusi nahi dutela aldarrikatu duten arren, arduradun politikoek ez diote arazoari konponbiderik eman nahi izan».
Gaur sinadurak aurkeztu ostean, bihar arratsalderako elkarretaratzera deitu dute Navarra directo saioko langileek. Iruñeko Karlos III.aren etorbidean egingo dute elkarretaratzea, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, 19:00etan. Protestaldi horretan bi aldarrikapen batuko dira: «Navarra directo saioa eta hogei lanpostuak mantentzea, batetik. Eta Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlarirtzak ETB LTD bitartez ikusi dadin, 2009. urtean lortu zuten akordioa berehala bete dezatela, bestetik». Nafarroa Baik, Geroa Baik, Bilduk eta Ezkerrak esan dute elkarretaratzera joango direla.
PSNk, berriz, atzo adierazi zuen bat egiten duela Navarra directo saioko langileen aldarrikapenarekin. «EITBko zuzendaritzari eskatu diogu saioaren jarraipena ziurtatu dezala», dio PSNk.
UPN: «EAEk bete dezala»
Nafarroan ETB LTD bitartez ikusteko afera ez aurrera ez atzera dago, geldirik. Eta emanaldi analogikoak ez dira luzaroan mantenduko. Nafarroako Gobernuko presidenteorde Alvaro Mirandak adierazi du akordioa Eusko Jaurlaritzak bete behar duela. Navarra directo-k aurkeztuko dituen 43.000 sinaduren gainean galdetuta, honela erantzun du UPNk ordezkariak: «Hitzarmenean esaten zen nafarrei ez zitzaiela dirua kostatuko telebista bat jasotzea, eta, nik dakidala, emititzen dutenak dira baldintzak betetzen ez dituztenak. ETB Euskal Autonomia Erkidegoan dago, eta ez Nafarroan».
Komunikazioa
'Navarra Directo'-ko langileek 43.000 sinadura aurkeztuko dituzte gaur
Saioak uztailaren 15a arte iraungo badu ere, datozen egunetan jakingo da zenbat langile doazen kalera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu