Telebista piztu, esaterako igande gauean, eta bi katetan aurkezle bera ikustea bitxia da. Euskalduna, gaztelerazko bi katetan. Bi reality aurkezten ditu Julian Iantzik, ETB2 eta Cuatro kateetan; El Conquistador del fin del mundo eta Billete a Brasil, hurrenez hurren. Lehena ezaguna da gurean. Bigarrena, berria. Aurkezlearen esanetan, baita berritzailea ere. Sei bikote dira lehian, Brasilgo uharte txiki batean, eraikin bat berriztu eta bertan ostatua sortzen. Bikote irabazlea ostatuaren jabe bihurtuko da hamahirugarren atalaren amaieran. Berrikuntza ez da hain berrikuntza, Cuatro katearen webgunean diotenez. Nazioarteko The Italian Dream saio arrakastatsuaren egokitzapena da.
Azala desberdina izan arren, reality-aren mamia du, hasi eta buka. Gure etxeko egongelan «oinarrizko» izenondoa errepikatu zen behin eta berriz. Erredundantzia irudi lezake, formatua oinarri horretan eraikia baitago. Baina saioa ohi baino oinarrizkoagoa iruditu zitzaigun. Hainbeste, ze lehen atalak aspertu egin gintuen. Eta, itxuraz, ez ginen bakarrak izan. Ikusle datuak ematen dituen webguneak hala zioen atzo: «Billete a Brasil saioak huts egin zuen estreinaldian %4,2 ahul batekin».
Albisteak ez nau harritu. Lehen minutuetan, une umoretsuak, gatazkak eta lehia agintzen zituen aurkezleak. Formatuaren «oinarrizko» osagaiak. Horiek erakargarri egiteko, ordea, lehiakideek maila eman behar dute. Eta hautaketa prozesura aurkeztutako 10.000 pertsonen artetik aurrera egin zuten hamabiak ez dira oso erakargarriak zentzu horretan. Izan ere, haien bizimoduen topikoetan sostengatutako aurkezpenetatik harago joatea kosta egingo zaiela ematen du. Modak itsututako txatxua, abenturazale burugabea, Guardia Zibila izateko oposaketan bost aldiz huts egin duen arreta goseduna, barazki jalea... Denak auzo lotsa eragiten zuen giro on eskasean, elkarrekiko lausengu merke eta txalo antzuen jolasean.
Horri gehitu saioaren ildoaren erakarpen eskasa: etxe bat atontzea abentura balitz bezala saltzea. Eta ohiko jokabidea: arauak esan ez, lehiakideek ahal dutena egitea, ondoren zigortuak izateko. Eta gehitu uharteko bizilagunek osatutako epaimahai ezkutu komikoa. Eta gehitu La1ko Slumdog Millonaire filmaren eta Aida telesailak zuen urrezko gonbidatuaren arrakastak.
Komunikazioa. Ekografiak
Oinarrizkoegia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu