Komunikazioa

Olinpiar Jokoak, 'Berria.info'-n

Hilaren 27tik aurrera egunero zuzeneko telebista saioa egingo dute Andoainen, 12:00etatik 12:45era

Gorka Erostarbe kazetariak aurkeztuko du eguerdietan Olinpiar Jokoei buruzko zuzeneko saioa Berria telebistan. URTZI URKIZU.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Aurreneko aldiz, BERRIAk Olinpiar Jokoen gaineko telebista saio bat egingo du. Egunero, 12:00etan izango da saioa Berria.info-n, hilaren 27an hasita. Batik bat, euskal kirolarien berri emango dute 45 minutuko programan, baina ez hori bakarrik. «Zerbait atsegina egin nahi dugu. Ezohiko saio bat, ezin baikara beste hedabideekin lehiatu», azaldu du Gorka Erostarbe kazetariak. Erostarbek egingo ditu aurkezle lanak.

Lara Madinabeitia Berria telebistako bideogilea arduratuko da irudi kontuez. Gainera, aldez aurretik Londresen parte hartuko duten euskal kirolari batzuekin erreportajeak egingo ditu.

Atal finkoak izango ditu eguneroko saioak: Alazne Salcedok prentsari begiratu bat emango dio, Danel Agirrek umore pixka bat jarriko du, kirol solasaldian Enekoitz Telleria, Andoni Urbistondo, Julen Etxeberria, Ainara Arratibel eta Igor Susaeta egongo dira. Bestalde, presentzia nabarmena izango dute Londresen izango diren BERRIAko berriemaile bereziek: Imanol Magro eta Unai Zubeldia. Zuzeneko konexioak egingo dituzte egunero.

Erostarbek azaldu duenez, ia egunero gonbidatu bat izango dute saioko mahaian: «Gehienak kirolariak izango dira. Halaber, beste Olinpiar Joko batzuetan ikusle edo kazetari aritu diren lagunak izango ditugu gurekin». Joko batzuetan egon diren hainbat pertsonari Andoainera agertzeko proposamena egin nahi die BERRIAk.

Aipatutako atal guztiekin, saioko aurkezleak dioenez, «ekarpen propioa» egin nahi dute. «Udan 12:00etan jendea erakartzea ez da erraza izango. Baina euskal kirolariengan arreta jarri nahi dugu, behintzat. Gertuko zerbait egingo dugu». Zuzeneko emanaldiaz gain, egun osoan izango da ikusgai webgunean.

Mahaian izango diren solasaldiez gain, arestian aipatu bezala,erreportajeak ikusi ahalko dira Berria telebistan. Nahiz eta multzo handi bat parte hartuko duten euskal kirolariekin egindakoak izan, nazioarteko kirolariekin ere egingo dituzte. «Saiatuko gara egunean egunekoak ere egiten, Londresko irudiekin».

Saioak amaiera musikala izango du. Londresekin lotura duten taldeak eta kantak hautatuko dituzte horretarako.

Igandez ez da saiorik izango.

12 orriko gehigarria

BERRIAren paperezko edizioan, bestalde, irakurleak egunero Londresko Olinpiar Jokoen inguruko 12 orriko gehigarri bat topatuko du. Kronikak, euskal kirolarien azterketa berezia, analisiak, erreportajeak... Eduki horiek guztiak lantzeko, funtsezkoa izango da BERRIAko bi berriemaileen jarduna: kirol saileko Unai Zubeldia eta Imanol Magrorena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.