Oroimenean gordetzeko

Gertaera historikoetan oparoa izan da 2011. urtea, eta askatasunez kontatu du BERRIAk bere urtekarian. Argitalpena salgai da jada bi eurotan; harpidedunek doan jasoko dute.

xabier martin
Donostia
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Munduarentzat, Osama Bin Laden eta Muammar Gaddafi hil zituzten urtea izan daiteke 2011koa, edo Fukushimako zentral nuklearreko istripuaren urtea. Euskal Herriarentzat, ETAk armei agur esan zien urtea izango da 2011». Imanol Muruaren hitzak dira. Dosier berezia idatzi du kazetariak BERRIAren Urtekaria 2011 argitalpenean, Adio armei izenburupean, eta hitz horiekin hasi du analisi sakona bezain independentea.

BERRIAren urtekariaren espirituan dago, izan ere, 2011ko gertaera historikoak leial aztertzea, askatasunez kontatzea, eta betiere pentsamolde subirano batetik erakustea. BERRIAren bertuteak islatzen dira Urtekaria 2011 argitalpenean; esaterako, enpresa handien interesek kutsatu gabe jardutea, dela ETAren erabaki historikoa aztertzean, dela munduan izan diren askotariko iraultzak kontatzean, dela krisi sozioekonomikoaren berri ematean.

Diseinu atsegin eta eraginkorra dauka Urtekaria 2011-k; koloretan argitaratu da hasi eta buka. Dagoeneko salgai da 2 euroren truke. BERRIAren harpidedunek, berriz, doan jasoko dute.

Banako gisa eta, areago, herri gisa, oroimenean gordetzea merezi duten 2011ko pasarteak biltzen ditu Urtekariak 2011-k: arlo politikoan, iazko hauteskundeen ondotik etorritako erakundeen osatze politikoaren aldaketa, adibidez; arlo ekonomikoan, BBK, Kutxa eta Vitalen bateratzeak gauzatutako Kutxabanken sorrera; eta arlo soziokulturalean, Amy Winehouse kantariaren heriotza eta Steve Jobs Appleren arimarena.

Kontakizun argiak eta zorrotzak

Askotariko interesen menpeko mundu konplexu batean gertatu diren nazioarteko albisteak eta etxekoak jasotzen ditu BERRIAren urtekariak, kontakizun argiak eta zorrotzak eginez, irakurlearen ulermena errazte aldera, hala Osama Bin Laden hiltzekoAEBek egindako operazioaren berri ematean, nola Donostiako Aiete jauregian egindako bake konferentzia azaltzean. 2011. urtean ez dira hainbat arlotan mugarriak falta izan.

Mundu zabaleko gatazkak ulertzeko eta gure gizarte bizi-biziaren askotariko ikuspuntuen berri edukitzeko, oinarrizko lanabesa da Urtekaria 2011. Euskaraz informatu mundua euskaraz ulertzeko; BERRIAk egunero eskaintzen duena eskaintzen du bere urtekariak, finean, baina etorkizuna nondik nora joan daitekeen antzemateko berebiziko garrantzia izan duen urtea laburbilduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.