Garesti ateratzen da oso RTVEren webgunea. Hilero 93.328 euroko kostua du haren taldea mantentzeak. Eta diru horretatik 63.348 euro hamasei zuzendarien soldata ordaintzeko baliatzen da. Hamasei arduradun horietatik hiru baino ez daude lantaldean. Ricardo Villa RTVEko hedabide interaktiboen zuzendariak kobratzen du gehien: 9.102 euro. Zuzendarietatik aparte, lantaldeak —90 langiletik gora— 30.818 euro jasotzen ditu soldatetan. APLI sindikatuak salatu du ez duela ez hanka ez buru Villak aurrekontu arazoak planteatzea, zuzendarien soldata gehiegizkoa baita.
USO sindikatuaren arabera, halaber, gehiegizkoa da Gabonzaharreko kanpaietan aurkezleei ordaindu zitzaien dirutza: Anne Igartiburuk eta Jose Motak bakoitzak 30.000 euro jaso zituzten kanpaikaden emanaldiarengatik. «Ez da bidezkoa langileoi esfortzu handiagoa eskatzea, Igartiburu eta Motari dirutza hori eman eta gero. Ez da justua, ez beharrezkoa, ez eredugarria», salatu du USO sindikatuak.
Espainiako Gobernuak berriki iragarri du RTVEri ematen dioten dirutik 200 milioi euro murriztuko dituztela. Egoera hori ikusirik, RTVEko administrazio kontseiluak txostenak egiteko eskatu die TVEko eta RNEko zuzendariei, zuzendaritza egiturak aurrezpenak egiteko asmoarekin. Bestalde, bihar RTVEko administrazio kontseiluko kideak Espainiako Gobernuko presidenteordearekin bilduko dira murrizketen gaia aztertzeko.
RTVEko kontseilariek ere ez dute gutxi kobratzen: urtero 120.000 euro. Administrazio kontseiluaren kostua urtean 2,3 milioi eurokoa da.
Komunikazioa
'RTVE.es'-en aurrekontuaren %68 hamasei zuzendariei ordaintzeko da
RTVEko hedabide interaktiboen zuzendari Ricardo Villak 9.102 euro irabazten ditu hilabetero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu