Kazetari, idazle eta blogaria da Hasier Etxeberria (Elgoibar, Gipuzkoa, 1957). Ia hamahiru urte joan dira Sautrela saioa aurkezten hasi zenetik. Datorren astean, ohiko ordutegira itzuliko da, igandeko bazkalosteetara.
Zergatik ez zen Sautrela-rik egon udazkenean?
Jakinekoa da krisi garaiak jende guztia harrapatu duela, eta tartean ETB ere bai. Niri ez baino bertako arduradunei egin beharko litzaieke galdera. Iaz, ez zen dirua iritsi. Orain, 2012ko diruekin abiatu gara. Oraingoz, atal sorta berri bat egitera goaz.
ETBk ez al zuen aintzat hartu Durangoko Azokaren aurretik aurkezten direla euskarazko liburu gehienak?
Badirudi ETBk ez zuela saioa egin ahal izan. Abenduan atal bakarra egin genuen: sei idazlerekin mahai inguru bat. Uste dut hori ez dela sekula egin ETBn. Orain, pozik gaude denboraldi berria egingo dugulako. Guregatik balitz, egunero, jende gehiagorekin eta luzeago egingo genuke saioa.
Literaturazaleak gogoz izango dira Sautrela saioa berriro ikusteko, ezta?
Izan gaitezen zintzoak. Sautrela ez da inoiz programa oso ikusia izan. Bere egitekoa ere ez du hori. Bere egitekoa ez da audientzia borroketan sartzea. Euskal irakurleak ere ez dira hainbeste. Ez dezagun pentsa dena urre kolorea denik mundu honetan. 13. urtera goaz, eta bada jende multzo bat, dozena bat mila-edo kasurik onenean, interesatua dagoena beren hizkuntzak ematen dituen letren segimenduarekin. Horiek egongo dira zain. Baina udazkenean ez dut protesta handirik entzun. Beste gauza bat da euskaraz egiten den telebista publiko batek euskal literaturari eman behar dion saio ganorazko bat, eta nire erantzuna baiezkoa da.
Durangoko Azokaren bueltan egin zenuten mahai inguruaren tankerakoak egingo al dituzte?
Oraingoz, ez dugu halakorik egingo, ez baitugu ikusten Sautrela-k jarraipen handirik izango duenik. Oraingoz, ez dugu uste hiru hilbete hauek baino harantzago joango garenik. Nahiz eta itxaropena badudan udazkenean itzuliko garena. Gure ohiko egiturarekin jarraituko dugu. Monografiko gehiago egingo ditugu, gai baten inguruko saio osoak. Literatura eta gatazkari buruzko programa bat izango da, adibidez.
EITB nahierantxokoan ikus daitezke Sautrela-ko atal batzuk. Hainbeste idazleren elkarrizketak eta erreportajeak sarean izatea altxor bat da, ezta?
Bai, noski. Gertatzen dena da hori indexazio hobe batekin egin beharko litzatekeela. Adibidez, egongo dira Gabriel Arestiri buruzko erreportajeak. Baina ez dago bilatzailerik horiek aurkitzeko. Indexazioa egitea lan eskerga litzateke, jende asko beharko litzateke horretarako.
Zer harrera izan zuen euskararen jatorriaz egin zenuen dokumentalak?
Bota zuen orduan botea izateko, milaka lagunek ikusi zuten. Audientzia txukuna izan zuen. Dena dela, produktua ez da hor amaitzen. Askotan emango da eta ikusiko da. Orain gaztelaniazko bertsioa entregatu dugu, eta ez dakigu noiz emitituko duten. Ordu txukun batean emango balute, oso interesgarria da ikusle erdaldunentzat ere.
Arratsaldetan ETB1en zuk aurkeztutako Haratago dokumental saioa hasi dira ematen.
Haratago-ren kasua pena bat izan da. ETB3n ez dute inolako olaturik harrotu, baina berez produktu aski onak dira. Miarritzeko azokan aurkeztutako dokumental batzuk aukeratu ditugu, kultura eta kuriositatearen inguruan. Ez dira gaurkotasunari lotutako gaiak. ETB1en arratsaldea betetzeko premia dagoenez, hor jarri ditugu. Hamar lanetatik sei oso onak direla esango nuke.
Nola ikusten duzu ETB1en gaur egungo egoera?
Egoera latza ikusten dut, baina ez da nire iritzia, hori vox populi da. Nik aski lan daukat Sautrela egitearekin. Erronka handiak daude,eta egoera ekonomikoak ez du uzten indar bat egiten. Pello Sarasolaren itzulerarekin ematen du badagoela ahalegin bat zerbait egitekoa. Baina ez dut uste egoeraren erantzule bakarrak telebistaren agintariak direnik, lehengoak edo oraingoak. Euskal gizartea bera telebistatik urrundua dago. Produktu on askoak eman ditu ETBk, eta jendeak ez ditu ikusi. Ikusleek errazkeriara jotzen dute. Oso zaila dago euskaraz aurrera egitea mundu hain handi batean eta diru gutxirekin. Euskal gizartea bera ere bada apur bat errudun gertatzen denarekin. Denok dugu erantzukizuna.
Komunikazioa. Hasier Etxeberria. ETBko kazetari eta aurkezlea
«Saio on askoak eman izan ditu ETBk, eta jendeak ez ditu ikusi»
Udan eta udazkenean ez da 'Sautrela'-rik izan. Gaur itzuliko da saioa ETB1era, Txillardegiri buruzko lan batekin, 19:55ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu