Azkeneko urteetan Erdialdeko Amerikan izan diren gertakari garrantzitsuenen berri eman du Jose Pablo Perazak (El Progreso, Honduras, 1980) Radio Progresorentzat.
Nolako irratia da Radio Progreso?
Jesuiten irrati bat da; inspirazio kristaua du. Herriko sektoreak laguntzen ditu, eta haren programazioaren ardatza gizarteko sektore babesgabeak dira. Gaztetxoentzako saioak eta entzule helduagoentzakoak konbinatzen saiatzen gara. Hondurasko iparraldetik emititzen dugu, eta herrialdeko hamabi departamendutara iristen gara. Frekuentzia Colon departamendura zabaldu nahi dugu; lurjabeen eta nekazarien arteko liskar gogorrak daude han.
Zer funtzio dute Hondurasko gizartean zuenak bezalako komunikabideek?
Herritarrak lagundu egin nahi ditugu. Estatu kolpea heldu zenean, Herri Erresistentziako Fronte Nazionala sortu zen. Gure irratiak frontea laguntzen du, baina independenteak gara, eta kritikatu behar denean kritikatu egiten dugu. Hondurasko errealitateari buruzko hausnarketak egiten ditugu, herritarrek ondorioak atera ditzaten.
Felix Antonio Molina kazetariak duela hilabete batzuk esan zigun Hondurasen bortizkeriak autozentsura sortzen duela iturrietan. Nola daramazu egoera hori?
Hondurasen bortizkeria gordina dago estatu kolpea gertatu zenetik. Gainera, Mexikoko narkotrafikatzaileak Erdialdeko Amerika osora zabaltzen dira, Honduras barne. Indarkeriak dakar gauza batzuk ez esatea. Hobe da autozentsura erabiltzea, zeure burua eta zure ingurukoen bizitza arriskuan jartzea baino. Ez dago beste aukerarik. Baina autozentsura ere mingarria da, zeure buruari galdetzen baitiozu ea zertarako zaren kazetari. Zertarako egongo naiz komunikabide batean lanean, ezin badut esan benetan zer gertatzen ari den? Baina autozentsura erabili beharra dugu, zoritxarrez. Gobernuak eta indarrean dauden sektore politikoek edozein kritika isilarazten dute. Adibidez, kazetariei telefonoz mezuak bidaliz. Eliza katolikoa ere intolerantea da gurearen moduko komunikabideekin, eta baliteke gure frekuentzia arriskuan izatea.
Nola jorratzen dute nazioarteko komunikabide handiek Hondurasko errealitatea?
Hasieran, denek estatu kolpearen berri eman zuten. Gero, diskurtsoa aldatuz joan zen, estatu kolpearen inguruan interesak sortzearekin batera. Eta komunikabideek beste jokaera bat hartu zuten, Loboren gobernuak giro liskartsua baretuko balu bezala. Konponbide gisa aurkeztu dute Lobo, baina errealitatea ezagutzeari uko egiten diote komunikabide gehienek. Eta gertatzen ari da narkotrafikatzaileak nahi bezala dabiltzala. Polizia oso ustelduta dago, eta nazioarteko komunikabideek ez dute hausnarketarik egiten. Hedabide alternatiboakgerturatzen dira gehien gure errealitatera.
Zer dakar zuretzat Gasteizko jardunaldietara etortzea?
Niretzat aurreneko aldia da Europara etortzen naizela. Kazetari naizen aldetik, ikuspegia irekitzen dit hona etortzeak. Beste errealitate batzuk ezagutzen ari naiz. Immigrazioaren gaia asko interesatzen zait. Ezagutzak trukatzeko balio dit, eta horrek erakusten du ez gaudela bakarrik informazio alternatiboan. Sarean lan egin beharko dugu, diskurtso bakarrari aurre egiteko.
Komunikazioa. Jose Pablo Peraza. Hondurasko Radio Progreso irratiko kazetaria
«Sarean egin beharko dugu lan, diskurtso bakarrari aurre egiteko»
II. Betty Cariño Foroa hasi zen atzo Gasteizen, komunikazio alternatiboa, adierazpen askatasuna eta immigrazioa lantzeko asmoz. Mahai-inguru batean aritu zen Peraza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu