Komunikazioa

Sarean telebistan baino lehen

Aurreneko aldiz ETBk aldatu egin du saio baten emisio eguna, baina Internetekoa bere horretan mantendu. 'Escépticos'-ek Interneten telebistan baino askoz harrera hobea duela da arrazoia.

Luis Alfonso Gamez da Escépticos saioaren aurkezlea. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian eta Ebrotik behera, Interneten komunitate sendo bat sortu da ETB2ko Escépticos saioaren inguruan. Astero milaka lagunek ikusten dute programa sarean. Telebistan, aldiz, ez du audientzia datu onik izan astelehen gauetan (22:15ean). Aurreneko bi atalak %5eko ikusle kuotaren inguruan ibili ziren. Joan den astekoak, berriz, %3,2ko kuota izan zuen—ETB2 %7,5aren inguruan dabil—. Eta datu horien ostean, ETBko zuzendaritzak erabaki du asteleheneko prime time-tik kendu eta ostegun gauerditan ematea. Interneten, aldiz, lehengo emisio eguna eta ordua mantenduko du.

«Interneten saioak telebistan baino kontsumo handiagoa duela kontuan hartuta, erabaki genuen Interneteko emisoaren eguna mantentzea», azaldu du Iñako Gurrutxaga Eitb.com-eko entretenimendu arduradunak. «Escépticos fenomeno bilakatu da Interneten, eta jendea astelehenetan gelditzen da saioa ikusi eta iruzkinak egiteko».

Jose A. Perez gidoilariak sortutako programak komunitate eszeptikoa izango du EITB Nahieran gunean. Astelehen gauetan bertan gune horretan ikusi ahalko dute internautek.

Escépticos saioaren aurreneko atala urtarrilaren 1ean emititu zuen ETB2 kateak. Ordutik, Interneten 100.000tik gora lagunek ikusi dute. Udazken honetan ekin diote hamahiru ataleko denboraldi osoa egiteari. Eta irailaren 26an eman zuten medikuntza alternatiboei buruzko atalak 40.000 bisitatik gora izan ditu Interneten.Jose A. Perezek www.mimesacojea.com blogean adierazi du Javier Vizcainok egindako profezia bat bete dela ETBk hartutako erabakiarekin: «Gure saioarekin gertatu denak bat egiten du, gainera, datorren urtean Interneteko audientzien neurgailu ofizialak izango direnaren iragarpenarekin. Hartara, produktu bat ikusten den «pantailak» kontatuko dira, eta ez bakarrik sintonizatzen duten telebistak». Perezek beste gai bat ere jarri du mahai gainean: «Orain bakarrik falta da Interneteko emisioak dirua sorraraztea. Baina lan hori ez da saioen gidoilari eta zuzendariena».

Atzo gauean estralurtarrei buruzko atala eman zuten Internet bidez. ETB2 katean, berriz, hiru egun geroago ikusi ahalko da, etzi, Vaya semanita amaitzerakoan.

'Hitzetik hortzera'-ren kasua

Nahiz eta Escépticos saioaren fenomenoa berezia izan, ez da aurreneko aldia ETBn programa bat Interneten jartzen dutela telebistako emanaldiaren aurretik. Duela hiru denboraldi, Hitzetik Hortzera bertsolaritza saioa Interneten jartzen hasi ziren ETB3ko emanaldiaren aurretik. «Iaz ere larunbat eguerditan jartzen genuen, igandeko ETB1eko emanaldia baino egun bat lehenago. Eta, gure ustez, telebistako emanaldiaren aurretik sarean saioa egotea ona da», azaldu du Jon Artano Hitzetik Hortzera-ko zuzendariak. «Aurten ere saiatuko gara hori egiten. Programa amaitu ahala Interneten jartzen, alegia». Artanok gogorarazi duenez, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren garaiko saioek bisita asko izan zituzten Interneten. ETB1eko bertsolaritza saioaren denboraldi berria azaroaren 6an hasiko da.

Horrez gain, Iñako Gurrutxaga Eitb.com-eko entretenimendu arduradunak aurreratu duenez,Nickdutnik saioa aurten bakarrik Interneten emango dute. «Aurrerago telebistan ere ikusi ahalko dira programa horretako atalak. Ahal den neurrian, horrelako esperientziak eta esperimentuak egin nahi ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.