Komunikazioa

Sareko ahotsak telebistara eramango ditu Al Jazeerako 'The Stream' saioak

Maiatzaren 2an estreinatuko dute saioa, eta sare sozialetan albiste dena helaraziko diete ikus-entzuleei

The Stream telebista saioaren webgunea. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Internet kazetaritza egiteko tresna gisa lantzen ari da Al Jazeera telebista katea, eta bide horretan pauso garrantzitsu bat emango du maiatzaren 2an. Izan ere, egun horretan estreinatuko dute The Stream saioa, ingelesez. Proiektuaren kontzeptua argia da: Interneteko sare sozialak informazio iturri gisa erabiltzea eta sarean hizpide dena saiora eramatea.

Telebista saioaren emanaldiak, hasieran, ordu erdi iraungo du; 19:30ean emango dute. Baina sare sozialetako kanalak (Twitter, Facebook eta Storify) eguneko 24 orduetan izango dituzte zabalik. Halaber, egunero jarriko dituzte istorio berriak http://stream.aljazeera.com webgunean.

Twitterreko mezuak zuzenean irakurriko dituzte saioan; elkarrizketak egingo dituzte Skype bidez, eta gai jakin baten gainean sarean jartzen diren bideoak erakutsiko dituzte. Sare sozialek eta herritarrek azalduko dute zuzenean zer gertatzen ari den eta nola. Feedback kontzeptua «iraultza» gisa hartu nahi dute, eta streaming-a, arma moduan. «The Stream saioa ezingo litzateke egin Interneten erabiltzaileak gabe: haien menpe gaude. Kontua ez da protestak antolatzea, pertsonak konektatzea baizik, mugarik gabe. Hedabide zaharrak berriekin lotzea», adierazi du Ahmed Shihab-Eldin saioko ekoizle eta aurkezleak. «Programaren asmoa da informazioa ematea eta elkarrizketa globalean parte hartzea», gaineratu du Andrew Fitzgerald ekoizleak. «Internetetik hartutako istorio horietako batez saioan hitz eginez, gure alea jarri nahi dugu».

The Stream Interneten martxan jarri zutenetik, istorioek askotariko etiketak izan dituzte. Twitterreko Mexikoko erabiltzaileek, adibidez, #estadofallido etiketa erabili dute narkotrafikoak eragindako indarkeriaz aritzeko, eta hori saiora eraman dute. Nepalgo Interneteko itzalaldi bat, Siriako egoera eta sare sozialek hilzorian dauden hizkuntzetan izan dezaketen eragina ere landu ditu Al Jazeerako programak.

Neurri batean «ahotsik gabekoen ahotsa» izateko bokazioa duAl Jazeerako proiektu berriak. Komunitateek Al Jazeeran duten garrantzia nabarmendu du Stephen Phelps BBCko ekoizle ohiak:«Hedabide sozialek albistearen kontrol zentralizatua hausteko boterea dute. Interneten jende asko zerbaiten inguruan hitz egiten ari bada, albiste bihurtzen da azkenean. Hala, komunitateek euren albiste propioak definitzeko ahalmena dute».

Herri arabiarretako protestak

The Stream beste pauso bat da Al Jazeera egiten ari den bidean. Tunisiako eta Egiptoko gatazketan sekulako hazkundea izan du katearen webguneak. Esaterako, Hosni Mubarakek presidente kargua utziko zuela iragarri zuenean, komunikazio sozialetatik Al Jazeeraren webgunera iritsitako bisitariak %71 gehitu ziren. CNN, aldiz, indarra galtzen ari da; 2010ean, ikusleen %37 galdu zituen prime time-an. «Kazetaritza sozialean» Al Jazeera egiten ari den lanak gero eta oihartzun handiagoa du, ez bakarrik mundu arabiarrean, AEBetan ere bai. «Ahots global ezberdin bat eskaintzen saiatzen gara», dio Phelps ekoizleak. Eta ahalegina fruituak ematen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.