Komunikazioa. Irlen sarea

SOPA

gorka julio
2011ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ez da zopa gaizki idatzi dudala, ez: SOPA Stop Online Piracy Act (http://americancensorship.org/infographic. html) lege proposamenaren siglak dira. Sarean pirateria gelditzeko legea itzul genezake.AEBetan martxan jarri nahi duten lege horrek, pirateria deitzen dioten horren kontra baino gehiago, oinarrizko askatasunen aurka erabiltzeko aukerak ematen ditu.

Lege proposamen hori aurrera ateraz gero, zuzenean copyrighta duten fitxategiak «ilegalki» partekatzen dituzten webguneen aurka jo ahal izango dute. Ez hori bakarrik: zeharka hori ahalbidetzen duten guneek ere arazoak izan ditzakete; Megauploadek eta Megavideok kasu, zeinak asko erabiltzen diren. Haiekin batera, lege urratzeak oso posibleak diren kasuetan neurriak hartzen dituzten zerbitzu emaileei ere eragin diezaieke legediak.

Legedia, gainera, oso gogorra da. Legearen ustezko urratzeetan, nahikoa da jakinarazpen bat bidaltzearekin web hori finantzatzeko erabiltzen dituenek finantzabide horiek eteteko. Hau da, jakinarazpen huts batekin publizitatea, PayPal eta banku kontuak, dohaintzak-eta mozteko aukera ematen du. Horretaz gain, DNS zerbitzarietan eta bilatzaileetan webgunearen izena ezabatzea ere eragin dezake,webgune horretara atzipena zaildu edo ekiditeko.

Oinarrizko eskubideak eta Internet aske bat defendatzen dituzten pertsonez gain, jende asko dago legedi honen aurka; eBay, Facebook, Google, Twitter, Mozilla... enpresa eta proiektu handiak barne. Orain arte legedi zaharrekin arazoak izan dituzte, eta legedi berri honekin eraso egin diezaiekete, nahiz eta zaila izan (tamainagatik). Noski, hori handiei gertatzen bazaie, zer ez zaie gertatuko enpresa txiki edo berriei?

Oker dago legea aurrera ateraz gero eragina AEBetan bakarrik izango duela uste duena. Gobernu askok AEBetako legediak kopiatzeko zaletasun handia dutelako batetik. Bestetik, edozein webgune itxi edo finantzaketa bidez itotzeak erabateko eragina dauka elkarri konektatuta dagoen mundu honetan.

Horrez gain, legedi hau ekiditeko balia daitekeen edozein tresnari ere eragiten dio legediak, nahiz eta hauek ohiko tresnak izan: VPNak, Proxy-ak, TOR... orokorrean pribatutasuna ziurtatzeko erabil daitezkeen tresnak. Gure eskubideen alde egiteko aukerarik ere ez digute eman nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.