Lehen X (ixa eta ez ekis) edo @ (a bildua eta ez arroba) erabiltzen hasi ginen bezala, orain # traola dator. Maite Goñik egiten duen Gaurko Hitza-n (http://www.euskaljakintza.com/gaurkohitza/traol/) agertu denetik, sozializazio prozesua azkartu egin da. Hau da traola zehazki:
Traol iz. 1. Itsas. Aparailua biltzeko zurezko laukia.(Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa). 2. Inform. Unibertsalki zenbaki-zeinu bezala ezagutzen den «#» ikurra da, batez ere ingelesezko testuetan erabiltzen den arren. (Wikipedia).
Goñik hori argitaratu eta berehala, jendea hitzari buruzko irudiak, esaldiak, abestiak, forma ezberdinak jasotzen eta komentatzen hasi da sarean. Horietako bat Sustatuko «# zeinua traol da euskaraz» mezuan topa dezakezue (http://sustatu.com/ 1321255215).
Baina zergatik da traol hitza interesgarria? Niretzat, bi arrazoirengatik. Bata, praktikotasunagatik: orain arte hitz horri erreferentzia egiteko kuxoia, laukitxoa, almohadila... eta horrelakoak esatera behartuta geunden, baina jada badugu hori adierazten duen hitz euskalduna. Twitterreko etiketetan asko erabiltzen da, eta Maitek berak adibide bat jartzen du:
«Twitterren traola gehi dagokion hitza erabiltzen dugu gai zehatz bati buruz hitz egiteko. Adibidez, #bozA20 izango da azaroaren 20ko hauteskundeei buruz Twitterren aritzeko erabiliko dugun etiketa».
Bigarren arrazoia sinbolikoa da. Gero eta garrantzitsuagoak izango dira deskonposizio sozialeko egoera honetan guztian komunitateak identifikatzeko balio dizkiguten sinboloak. Euskaraz hitz propio horiek sortu edo berreskuratzea, beraz, ez da hizkuntzarekin lotutako zerbait bakarrik: komunitate baten identitatean pauso bat ere bada.
Niri bereziki itsasoarekin duen harremana gustatzen zait. Itsasoak beti izan du euskaldunontzat mito izaera hori. Berritu behar den mito izaera, hilko edo zaharkituko ez bada. Alde horretatik, traolak bereziki ilusioa eragin dit. Bat-batean BakalHau irlan (http://bakalhau.info/mitoa/) egongo banintz bezala sentitu naiz, Taosak (http://ttanttakun. com/gaiak/irratsaioak/taosa) eraman banindu bezala.«Izena duena da», eta, niretzat, izena baino gehiago, izana ere badu traol hitzak. Eskerrik asko, beraz, hizkuntz arkeologia honetan parte hartu duten sarelari guztiei.
Komunikazioa. Irlen sarea
#Traola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu