Zibergela

Twitterrek bost urte

Bost urte bete berri ditu Twiterrek. Eta ezagutu arren erabiltzen ez dutenentzat gida txiki bat eskainiko dugu.

2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Orain arte Twiterrek egindako bideari begirada bat botako diogu. 2006. urtean sortu zuen Jack Dorseyk Twitter, San Franciscon, Ameriketako Estatu Batuetan. Interneteko SMS zerbitzu gisa da ezaguna, eta urtetik urtera erabiltzaile gehiago bereganatu ditu: 190 bat miloi inguru erabiltzaile 2011. urtearen hasieran.

Hasiera batean «friki» gutxi batzuen kontua zela bazirudien ere, egun, gutxi dira Twitterri buruz zerbait entzun ez dutenak. Telebistan ere, zenbait programatan, oraingo pertsonaia ezagunek Twitterren esaten dituztenak erakusten dira. Beraz, esan daiteke gizarte osora zabaldu dela, ez bakarrik teknofiloen artean. Enpresak ere Twitterren sartu dira aspaldi, denak ere hark proposatzen duen «zer ari zara egiten» erantzun nahian.

Zer da Twitter?

Twitterrek, SMSek bezala, gehienez 140 karaktere dituzten mezuak plazaratzeko aukera ematen du. Mezuak sailkatze aldera, etiketak erabil daitezke, # karakterea aurrizki moduan erabiliz. Adibidez: #fukushima. Erabiltzaile batek botatzen dituen mezu edo tweet-ak, printzipioz, publikoak dira, edonork ikus ditzake. Beste erabiltzaile batek esandakoen berri izateko, hari «jarraitu» behar zaio. Beraz, erabiltzaile jakin batek hainbat erabiltzaile jarrai ditzake, eta beste hainbat erabiltzailek jarrai dezakete hura. Jarraituek eta jarraitzaileek ez dute zertan berdinak izan; esaterako, Xabi Alonsok 442.227 jarraitzaile baditu ere, 147 jarraitzen ditu hark (http://twitter.com/#!/XabiAlonso).

Norbaiti erantzun bat bidali edo norbait aipatzeko tenorean, @ karakterea jarri behar da erabiltzaile-izenaren aurrean: adibidez, @zibergela.

Norbaitek botatako tweet-ari atxikimendua erakutsi eta zabaldu nahi badugu, mezuari «retweet» egiteko aukera ematen da. Horrelakoetan, mezuaren jabearen izenari, RT: aurrizkia txertatzen zaio; esaterako, RT: @zibergela.

Mezu pribatuak bidaltzeko aukera ere badago.

Tresnak

Twitter erabiltzeko, hainbat modu daude. Twitter bera webgune batean eskaintzen da: http://twitter.com. Bertan, erabiltzailea sortu eta norberak jarraitzen dituen lagunen mezuak ikusteko aukera dago—timeline izenez ezagutzen dena—, baita gure tweet-ak plazaratzeko aukera ere.

Twitterren inguruan, hainbat aplikazio sortu dira, bai mahai aineko aplikazio nahiz sakelakoetarako. TweetDeck (http://www. tweetdeck.com/) izan daiteke mahai gainerako, iPhone edo Android sistema eragilea duten sakelako telefonoentzat Twitter bezero egoki bat.

Bota nahi dugun mezuan Internet-loturaren bat txertatu nahi badugu, askotan lotura horiek laburtzeko beharra izango dugu. Horretarako, helbide laburtzaile andana dago; horietako bat ttiki.com da (http://ttiki.com/).

Erabilpenak

Twitter zer den lagunartean azaltzean, askotan horrelako galderak agertzen dira: Nor jarrai dezaket? Nola bila ditzaket gustuko erabiltzaile edo gaiak? Hau gomendatuko genuke: lagun twitterlaririk izanez gero, hasi horiek jarraitzen. Lagun horiek beste batzuen aipamenak egingo dituztenez, lagun horien bitartez, has gaitezke beste «lagun» batzuk jarraitzen, eta, modu berean, gure mezuak beste batzuentzat interesgarriak suertatzen badira, jarraitu egingo gaituzte.

Euskal twitterlari asko dabil sarean. Horien guztien berri izateko, Eu.umap.eu webgunea erabil daiteke. Umap da Twitterreko euskarazko jardun guztiaren batzailea.

Twitterren jardunaren inguruan aholkuak nahi badituzue, jo Joxe Aranzabalen blogera: http://goiena.net/blogak/faroa/ontsa-twitteatzeko-bidea.

Argi eta itzalak

Arras erabilia eta famatua den komunikazio tresna bat izanda, baditu alde ilunak. Batetik, Twitter Inc. enpresak eskaintzen duen zerbitzua sare zentralizatu batean oinarriturik dago. Bestetik, Twitterren webgunea ez da euskaraz eskaintzen. Twitter euskaratzeko, eskakizuna abian da; hona hemen eskakizuna egiteko orria: https://spreadsheets. google.com/viewform?formkey=dGNNMlNfWjRKaUFqLXQxQVlLbVhIWnc6MQ&ifq.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.