KOMUNIKAZIOA

Vocento taldeko Juan Carlos Viloria izango da ETBko Politikako burua

Karmele Aranburu Herri Irratiko kazetari ohiak Euskadi Irratiko edukien koordinatzaile kargua hartuko du

urtzi urkizu
Donostia
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Vocento taldeko kazetari bat hautatu du EITBko zuzendaritzak ETBko albistegien politika zuzentzeko. Alberto Suriok EITBko Administrazio Kontseiluari hainbat kargu berriren izendapena eman zion atzo, eta horien artean Juan Carlos Viloriarena dago. ETBko albistegietako Politika saileko arduraduna izango da Viloria. Kargu horrek zer esana eman du EITBko zuzendaritza berria heldu zenetik. Politikako buru zela, Miren Josu Arrazolak dimititu egin zuen iazko urrian, zuzendaritzak bi editore arrazoi politikoengatik kargutik kendu eta berehala; Arnaldo Otegi eta ezker abertzaleko beste bederatzi kideren atxiloketa izan zen egun haietan. Otsailean, berriz, Ricardo Oleagak hartu zuen kargua, Consumer aldizkaritik zetorren kazetaria. Badira aste batzuk Oleagak ez duela kargu hori betetzen, eta ETBrako kontsumo saio bat prestatzen ari da.

Juan Carlos Viloria El Correo-ren berriemaile politikoa izan zen. Vocento taldeko iritzi zuzendaria eta koordinatzaile editoriala izandakoa da. Hainbat programatan parte hartu izan du iritzi emaile gisa, Tele5n, RTVEn, Cuatron, Radio Euskadiko Ganbara-n eta ETB2ko Plató 2.0 saioan. Ermuko Foroko jardunaldietan parte hartu izan du.

Izendapenen artean beste berrikuntza Karmele Aranbururena da. Euskadi Irratiko edukien koordinatzailea izango da Aranburu; eduki informatiboak eta programetakoak koordinatuko ditu. Euskal kazetari horrek 35 urte egin zituen Herri Irratian, eta albistegietako zuzendaria izan zen. Azken urteetan Berrikerketan tertulia saioa gidatu du. Baina Onda Vascak Herri Irratia erosi ostean, apirilaren amaieran kendu zioten programa. Radio Euskadiko Ganbara-n eta ETB2ko Plató 2.0-n iritzi emaile aritu izan da azken aldian.

Lehendik jakinak ziren beste bi izendatzeren berri eman zuten atzo: Felipe Juaristi idazlea izango da Euskadi Irratiko zuzendari berria Rosa Diez Urrestarazuren ordez. Diez Urrestarazu, berriz, ETB1eko edukien zuzendari bilakatuko da. Azken kargu hori berria da.

Radio Euskadin, Javier Martinez ordutegi nagusiko burua zena programa buru izendatu dute. Radio Vitoriako albistegi buru, berriz, Elena Iriarte izango da, eta programa eta eduki buru, Jeni Prieto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.