Komunikazioa. Irlen Sarea

Zein da zure GNA?

gorka julio
2011ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Google Plus aurkeztu zenean, orain dela egun gutxi, jendeak horren erabilpenari, ezaugarriei eta etorkizunari buruz hitz egin zuen. Lerro hauetan ere hitz egin genuen horri buruz, baina atzean dagoen logika gehiegi ulertu gabe oraindik, berria baita. Gero eta informazio gehiago dugunez, orain Googleren tresna horren inguruko guztia argiagoa da.

Gure lotura guztiak, gure harremanak ondo antolatuak nahi ditu. Ez du dudarik izan nahi zenekin ezta dauzkagun harremanekin ere, eta, horretarako, ez du dudarik dituen datu guztiak gurutzatzeko. Alde batetik, noski, publikoki sarearen bidez atzi daitezkeenak, baina baita ere Android telefono, Gmail eta Gtalken bidez etxean dituenak.

Identitate ziur bat izatea nahi du Googlek, Google Nortasun Agiria GNA. Azken albisteen arabera, Googlek ez ditu ezizenak maite, ez eta pertsona anonimorik ere. Tresna honetan profilek pertsonarenak izan behar dute, hau da, gure benetako izenarekin. Googlek horretaz dudarik badu, zure profila ezabatzeko eskubidea izango du, eta baita abisatu ondoren egin ere.

Bi gauza horiek jende askori abantaila iruditu ahal bazaizkio ere, eta paranoikoa izan gabe, pribatutasuna garrantzitsua dela iruditzen zaigunontzat, nahiko kezkagarriak dira. Ez da betiko Anaia Handi horren diskurtsoa, anai-arreba txikiak gara, eta hori da okerrena. Guk erabakitzen dugu gure datuak oparitzea, «ez zait axola» pentsatuta. Baina pentsatu une batez: pertsona baten datuak ez dira garrantzitsuak, baina gurutza daitezkeen datu sorta izugarriak oso indartsuak dira.

Honekin Googleri identitate digitalaren erreferente erraldoi bat izatea oparituko diogu (jada ez baldin bada). Okerrena da, teknologiak beste soluzio posible batzuk ahalbidetzen dituela. Eztabaida ez da hobea zein den, Facebook edo Google Plus; ezberdinak dira. Eztabaida garrantzitsua autonomia, askatasuna eta komunikazio erraztasuna ahalbidetuko dituzten sistemak garatzean dago.

Teknikoki, Googleren tresnak izugarriak dira beti, baina buztinarekin eskolan jolasten hasi ginenean egin genuen hautsontzi edo lorontzi hura itsusia zen oso, baina gure maitasun osoz, gurasoei oparitu genien. Ziur aski zuetako askok oraindik etxean duzue, nahiz eta ondotik mila objektu hobe pasatu. Gure buztina software librea da, sortuko ditugu gure sare libreak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.