Ba al du lekurik zinemak telebistan gaur egun? Galdera hori eginda, ñabardurak egiten dituzte sektoreko profesionalek. Kontsumitzaileen artean ere denetarik dago. Badira filmak soilik Internetetik hartuta edo DVD bidez ikusten dutenak. Baina badira LTDko kateetako eskaintzan gustuko zintak aurkitzen dituztenak ere.
Felix Linares ETB2ko aurkezlearen arabera, telebistek zinema ematen dute oraindik, baina bigarren mailan. «Zinema jartzen dutenak enpresen hirugarren edo laugarren kateak dira. Kate nagusietan kirola, prentsa arrosa eta foiletoiak jartzen dituzte. Eguberri eta opor garaietan bai, zinema baliabide merkea izaten da. Baina Belen Esteban eta gainerakoak oporretatik itzultzen direnean, jendeak horietara kateatuta jarraitzen du».
La Sexta katea sortu zenean, zinemak tarte txikia zuen oso. Baina orain enpresak zinemari eskainitako kate bat sortu du: La Sexta3 Todo Cine. Egunero bost film ematen dituzte. Alejandro Flores, La Sextako kanpo programazioaren arduraduna, ez da Linaresen iritzi berekoa: «Zinema ez da telebista kateek baztertu dezaketen produktu bat. Programazio ordu asko daude, eta zinema nahiko eraginkorra izaten da».
LaSexta3ren sorrera Miguel Angel Contreras La Sextako kontseilari ordezkariaren proposamen batetik etorri zen. «Merkatuan hutsune bat ikusi zuen, eta guri ideia ona iruditu zitzaigun». Hilabete inguru darama kateak martxan eta ikusle datu txukunak lortzen ari da (martxoan %1,1). «Ikusle kopurua gorabehera, jendearen erantzuna oso ona izaten ari da sare sozialetan eta Interneten», azaldu du Floresek.
La Sextako ordezkariak onartzen du gero eta modu gehiago daudela zinema kontsumitzeko. «Baina gero eta film gehiago ekoizten direla kontuan hartu behar da. Gainera, oraindik jende asko dago filmak soilik telebista kateen emanaldien bitartez ikus dezakeena. Dena den, zinemaren zabalpen modu berrietara egokitu beharko dugu denok».
Linaresen ustetan, film batzuk telebistara iristen direnerako jende gehienak ikusiak ditu. «Aukera bat zirkuitu komertzialetatik igaro ez diren filmak ematea da, gehienetan zinta interesgarrienak baitira. Baina telebista kateei beldurra ematen die halakoak ematea».
La Sextako kanpo programazioko zuzendariak, berriz, uste du zinemak telebistan oraindik etorkizun ona izan dezakeela: «Telebistaren hasieratik eman dira filmak, eta etorkizunean ere emango dira. Beste alde batetik, telefilmak daude, eta horiek bakarrik telebistan ikus daitezke».
Ikusleek, askotan, iragarkietarako etenaldirik gabeko filmakeskertzen dituzte. Horren erakusgarri da TVEk eman dituen zinta batzuek datu hobeak izan dituztela beste kate batzuetan estreinatu ostean mozketarik gabe emateagatik. Fenomeno bitxitzat jo daiteke, bestalde, Pretty Woman zintarena, beti baititu ikusle datu apartak.
ETB1eko eduki zuzendari Rosa Diez Urrestarazuk berriki aitortu zuen euskarazko zinema jendeari ez zaiola asko interesatzen. «Agian ondo promozionatutako zikloek ongi funziona dezakete», iradoki zuen. Jatorrizko hizkuntzan filmak ematea ere proposatu du.
Komunikazioa
Zinema, bizirik telebistan
Duela urte gutxi, ematen zuen programaziotik pixkanaka kenduko zutela zinema, baina ez da hala gertatu. LaSexta3 kateak, esate baterako, gutxienez bost film ematen ditu egunero, doan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu