Komunikazioa

Zinemaldiaren hasiera ekitaldia gaur ETB1en, La2en eta Interneten

Gontzal Agotek Sail Ofizialeko filmen kritika egingo du kamera aurrean 'Berria.info'-rako

Barbara Goenaga eta Edurne Ormazabal, 2009ko hasiera ekitaldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldia hasiko da gaur. Telebistaz, irratiz eta Internetez ikusi eta entzuteko modua izango da. Honatx hedabidez hedabide egingo duten jarraipena:

'Berria.info'

Atal berezi bat izango da webgunean Zinemaldiaren inguruan. Bertan, sarrerak zozkatuko dira. Zinemaldiari buruz BERRIAn argitaratutako informazioa egongo da eskuragarri, baita eguneko egitaraua ere. Bestalde, Gontzal Agotek Sail Ofizialeko filmen kritika egingo du, bideo formatuan. Argazki bilduma ere egongo da. Berriketan.info sare sozialean, atal berezi bat sortu dute Zinemaldiaz, eta bertan, edozein zinemazalek parte hartu ahalko du.

Hamaika telebista

Astelehenetik ostiralera, Bat eta Bat magazinaren barnean, bost minutuko tarte bat egingo dute Donostiako Zinemaldiaren inguruan.

ETB

ETB1 kateak hasiera ekitaldia emango du gaur, 21:00etan. Barbara Goenaga eta Marta Etura aktoreak izango dira aurkezleak. Itxiera ekitaldia ere zuzenean emango du euskarazko kateak. Bi ekitaldi horiek Internet bidez ere emango dituzte, www.eitb.com webgunean. Bestalde, datorren astelehenean, Ana Murugarrenek zuzendutako El precio de la libertad telefilma estreinatuko dute Viktoria Eugenia antzokian. Mario Onaindia zenaren inguruko lana da hori. ETB2ko Euskadi Directo saioan atal berezi bat izango da zinema jaialdiaz, zuzeneko konexioekin eta elkarrizketekin. Arratsaldero eta Ni más ni menos magazinetan ere jaialdiaren berri emango dute.

Euskadi Irratia

Astelehenetik ostiralera, Arratsaldekoa saioaren barnean, ordu erdiko tarte bat gidatuko du Mertxe Ezeizak (16:00etatik 16:30era).Faktoria eta Amarauna saioetan, berriz, Zinemaldiari begira jarriko dira, 11:30ean.

Radio Euskadi

Felix Linaresek eta Marijo Villaverdek konexioak egingo dituzte albistegietan, baita Boulevard eta Graffiti saioetan ere.

TVE

Hasiera eta amaiera ekitaldiak La2 katean eta www.rtve.es webgunean ikusi ahalko dira; aurrenekoa 21:00etan hasiko da, eta bigarrena, 20:30ean. Bi gala horietan, internautek TVEko webgunean euren iruzkinak idazteko aukera izango dute.

Info7

Zinemaldiaren berri emango du Lur Olaizola zinema adituak. Eguerdiko (13:30) eta iluntzeko (20:00) albistegi nagusietan egingo ditu pelikulen gaineko kontakizun eta kritikak, Zinemaldiak irauten duen tartean. Horrez gainera, Maite Bidarte Infozazpi irratiko langileak elkarrizketak egingo dizkie Zinemaldian parte hartuko duten zuzendari, aktore, epaimahaikide eta bestelako protagonistei.

'Kapuko' aldizkaria

Zinemaldiko txokorik ezkutuenak erakusten saiatuko dira euren webgune berrituan. Halaber, kazetari, aktore eta zuzendarien kontuak bertatik bertara bizi dituzten jende askorekin egongo dira. Twiterren, @kapukoT kontuaren bitartez egingo dute jarraipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.