liburuak
Mendebaldeko Saharakoa gatazka ahaztua da, isilarazia. Hamasei urteko gerraren eta ia 30 urteko su etenaren ostean, sahararrek armak hartu dituzte berriz ere. Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia izan zen, 53. probintzia, baina frankismoak ez zuen behar bezala amaitu deskolonizazio prozesua. Traizioen kateaketa etengabea da orduz geroztik.
Marokoren okupazioak munduko harresirik luzeenaren bi aldeetan banatuta bizitzera behartu ditu sahararrak; batzuk errepresiopean bizi dira, eta beste batzuk, berriz, ihes eginda, basamortuen basamortuan. Fronte Polisarioak, klandestinitatean sorturiko askapen mugimendu nazionalak, estatu bat eratu du erbestean.
Liburu hau kazetaritza kronika bat da. Kristina Berasainek modu erraz bezain sakonean kontatzen du ahanzturara kondenatutako herri honen borroka, bertatik bertara, sahararren kontakizunak eta lekukotzak historiako pasarteekin tartekatuta. Lurralde okupatuetako eta kanpalekuetako sahararrak gerraz, errepresioaz, heriotzaz eta erbesteaz mintzo dira, baina, okupazioa hasi zenetik 50 urte betetzear dauden honetan, ez dute independentzia eskuratzeko eta jaioterrira itzultzeko itxaropenik galdu. Saharar herriak nortasunari, duintasunari eta erresistentziari eusten die.
Saharari Kantari egitasmoaren asmoa da saharar herriari keinu bat egitea, eta musikaren bidez herri horren askatasunerako eskubidea aldarrikatzea. Euskal eta saharar kulturek badute antzekotasunik, eta, geografikoki urrun badaude ere, gertu daude herri gisa. Sahararren ezgarit oihuak irrintziaren antza du, eta sahararren legtaa delakoak –bat-batean kantatzen edo errezitatzen diren poemak– bertsolaritzarena. Emakume sahararrek elkarrekin egiten dituzte haimak, auzolanean. Hassaniaz, tuiza deitzen zaio ekintza kolektibo horri, eta disko hau ere hala egin dugu, haima bat izango balitz bezala, elkarlanean, auzolanean.
Euskal Herriko hamabost abeslari eta talde elkartu ditugu diskoan. Den-denek esan zuten baietz erronka proposatzean. Sahara hitza aipatu zitzaienean, ez zuten zalantzarik izan. Hamabi kantaz osatutako lan bat da emaitza. Aziza Brahim eta Ali Seidah artista sahararrek ere bat egin dute egitasmoarekin.
Arabako SEADen Lagunen Elkarteak ere zeresana du egitasmo honetan. 2013an Mendebaldeko Saharari kantatzeko lehiaketa abiarazi zuen, eta, hiru alditan, abesti sorta ederrak sortu zituzten hainbat eta hainbat musikarik. Gure egin dugu ekinaldi horren izena, eta kanta horietako batzuk aurkituko dituzue hemen, baina baita abeslariek aurretik sortutakoak eta proiektu honetarako propio osatutako beste batzuk ere.
Gure poeta batek esan zuen bezala, poesia etorkizunez betetako arma da, eta espero dugu poesiaz betetako kanta hauek ahanzturari eta axolagabekeriari aurre egiten lagunduko dutela. Kanta eder hauen oihartzuna hondarrezko dunetara iristea nahiko genuke, eta saharar herria bere lurraldean libre bizitzea, berandu baino lehen.
Ez dugu ahaztu behar sahararrek ia 50 urte daramatzatela basamortuan erbesteratuta, edo okupaziopean, beren lurraldean, non saharar kulturaren eta identitatearen sinbolo guztiak debekatuta dauden: haimak, melhfak, hassania, musika, dantza, eta poesia bera ere bai. Orain gerran daude berriz ere, baina ezeren gainetik, Sahara erresistentzian ari den herria da.
Saharari Kantari ekinaldiarekin bat egin duten musikari guztien eskuzabaltasuna eskertu nahi dugu, baita proiektua posible egin duten konplizeena ere: Euskal Fondoa, Elkar, Berria eta Bakun. Iraia Okina ilustratzaileari ere shukran, azaleko marrazki ederrarengatik.
Lantzean behin zehaztasun osoz lerrokatzen da dena. Bat-bateko ideia bat izan zena amets bilakatu zen, eta geroago, promesa moduko bat. Esku artean daukazuen diskoa kateaketa horren emaitza da. Hassaniaz, mendia eta bihotza hitzak berdin esaten dira, galb, auskalo zergatik, eta desertuko dunak pentagrama bihurtuta, maitasun ekintza bat egin dugu, musika lagun.
Martxa baten lehen notak
AZIZA BRAHIM + OREKA TX + MIKEL LABOA
Desio bat dut
AZIZA BRAHIM + EÑAUT ELORRIETA
Zugan
MIKEL URDANGARIN
Bidea eta denbora
ANARI
Sahara
IKER LAUROBA + ESTI MARKEZ + FARIBA SHEIKHAN
Hareazko erlojua
POSTAL KOLEKZIONISTAK
Galdu gabeko irria
PHYSIS VERSUS NOMOS
Oroitzapenetan (2013)
PELLO REPARAZ
Harea
IZARO
Haizea harrien kontra
OLATZ SALVADOR + IDOIA ASURMENDI + ITZIAR ITUÑO
Sahara nire lurra
ALI SEIDAH
Izar polisariar bat
EÑAUT ELORRIETA + OLAIA INZIARTE
Liburuak
17.5€ 15€
Liburuak
17.5€ 15€
Liburuak
17.5€ 15€