Kritika. Artea

72

2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
'6ko 12'

Artista: Masafumi Yamamoto. Lekua: Donostiako KM kulturunea. Noiz arte: ekainaren 12ra arte.

Hilaren 10etik ikusgai dira KM kulturuneko Ganbara aretoan Masafumi Yamamoto artista japoniarraren artelanak. 1947. urtean Yamanashin jaiotako artista hori 70eko hamarkadatik Bartzelonan bizi da, eta bertako arte eta ofizio eskolan ikasi zituen litografia eta grabatu teknikak.

6ko 12 izenburupean aurkezten den erakusketa Yamamotok berak eta Juan Bufillek koordinatua da. Izenburuak dioen bezala, Yamamoto euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galizieraz idatzitako hamabi olerkitan oinarritu da, olerki bakoitzaren inguruan sei collage sortzeko. Hori guztia ondo zaindutako hamabi liburuxkatan aurkeztu du, eta horietan collage originalean eskuz idatzitako poemekin nahasten ditu. Yamamoto eta poesiaren arteko harremana urrunetik dator; haren grabatuak, besteak beste, Joan Brossa eta Alfredo Silvaren poesia liburuetan editatuak izan dira, eta Rafael Alberti eta Maria Zambranorekin ere kolaboratu du. Kasu honetan, Juan Bufill, Noni Benegas, Jose Maria Parreño, Alfonso Alegre, Vicenç Altaio, Chantal Maillard, Andres S. Robayna, Eva Veiga, Pello Otxoteko, Benet Rossell eta Juan Ramon Makusok sortutako olerkien inguruan lan egin du artista japoniarrak.

Erakusketa bi ikuspuntutatik azter daiteke: alde batetik, ikuspuntu orokorra dago, poesia eta arte plastikoen arteko harremana, horren inguruan sortutako emaitza ezberdinak eta haien antolaketa espazioan. Nahiz eta Yamamoto Bartzelonan bizi den, sortutako objektuen ezaugarriek eta erakusketaren antolaketa zehatz eta garbi horrek japoniar kulturaren kutsua dauka; objektu txikiak, eskuz landuak, paperaren erabilera edo antolaketa milimetriko hori horren adierazgarri dira. Bestalde, liburuxketan ageri den arte plastikoen eta poesiaren arteko harremana oso interesgarria da, olerkariak eta artistak berak manipulatu duten objektu txiki horien bidez aurkezturik. Horiek ordena jakin batean aurkezten dira, eta binaka antolatzen dira erakusketa-bitrina berezi batzuetan. Eskulanak indar berezia hartzen du, eta bizi garen garai honetan eskulangintzak duen espazioa eta objektu originalek daukaten indarra azpimarratzen du. Ganbara aretoa espazio txikia da, baina kasu honetan bezalaxe erakusketaren antolaketa egokia bada, oso espazio interesgarri bilakatzen da.

Bestalde, Yamamotoren collageetan zentratuz erakusketak asko galtzen du, horiek nahiko motelak baitira. Egia da abstrakzioa eta kolorea poesiak gordetzen duen mundu pertsonalari erreferentzia egiteko oinarri egokiak izan daitezkeela, baina Yamamotoren lanak ikustean forma eta koloreen hautaketa bidegabea edo arbitrarioa dela dirudi, eta ez da erraza —ezinezkoa esango nuke— collage eta olerkien arteko harreman zuzena aurkitzea, edo harreman horren aztarnak izan daitezkeenak, behintzat. Gainera, sormen prozesu eta lanketak oso antzekoak dira; irudien aldetik, erakusketa monotonoa eta nahiko aspergarria izan daiteke. Pena da; berez erakusketaren oinarria collage horietan dago, eta, gutxienez, erakusketak poesia eta irudi plastikoaren arteko indarren batura bat izan beharko luke. Liburuxketan indar horiek biltzen dira, bai, baina ez modu parekoan... Azkenean, Yamamotoren lanek olerkien lagungarri izateko sortu diren irudi apaingarriak dirudite, eta ez dute behar luketen protagonismoa lortzen. Lan zailak hartzen ditu Yamamotok; poesia ezberdinen errepresentazio abstraktuak sortzea benetan zaila iruditzen zait, eta argi dago sortzen dituen irudi horietaraino iristeko Yamamoto bera oso gertutik ezagutu beharra dagoela. Halere, lan prozesua eta hartzen dituen erabakiak ulertzeko haren buruan egon beharko genuke, azken hamarkadetan atal horren inguruan lanean dabilen pertsonaren pentsamenduan. Erakusketaren bidez soilik, ezinezkoa da puntu horretaraino iristea.

Irudien inguruko kritika alde batera utzita, azpimarratu beharra dago erakusketak osotasunean lortzen duen kutsu espirituala, poesia eta abstrakzioen arteko lotura horretan sortutakoa eta Ganbara aretoak larunbat arratsaldean duen isiltasunarekin laguntzen dena. Japoniar kulturak badauka zerbait berezia: alde batetik, alde espirituala dago, sinesmena eta erlijioarekin lotzen dena, eta, estetika aldetik, tradizionalagoa dena; bestetik, alde fisikoa edo lurrekoa, teknologikoa eta estetika garaikide edo futuristekin lotua. Yamamotoren lanak eta horien ezaugarriak aztertzen baditugu, estetika tradizional batekin lotura estuagoa daukatela susma dezakegu, mundu espiritual batekin lotutakoa, olerkiekin sortzen duten loturak azpimarratzen duena. Baina aldi berean sortutako abstrakzio eta koloreetan Bartzelona bezalako hiri kosmopolita eta garaikide baten eragina irudika dezakegu. Estetika, kultura eta espresio bide ezberdinen nahasketa orokor horretan sortzen da erakusketaren interes berezia, nahiz eta, aipatu dugun moduan, Yamamotoren artelanek ez gaituzten guztiz betetzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.