Maitaldia jaialdia
Konpainiak: Tango Sumo eta Malandain Ballet Biarritz. Egunak: irailaren 10 eta 11.
Abiadura bizia hartu du Miarritzeko dantza jaialdiak, eta lehen asteburuan izandako emanaldien artean nabarmenetako bi komentatuko ditugu. Larunbat arratsaldean energiaz beteriko ikuskizun bat eskaini zigun Bretainiako Tango Sumo konpainiak Kasino aurreko zabalgunean, zoroetxe bateko bost ohe zahar bertikalki jarrita zeudela bost dantzarien atzean. Matalazak eta zoroen arropa oihal berarekin eginak ziren, eta gaixoek eslaviar itxurako hizkuntza asmatu batean hitz egiten zuten, ekialdeko gerra ahantzien kalteak subliminalki gogoratuz.
Tartean, eta beren itzelezko prestakuntza fisikoa lagun, arrisku handiko ariketa akrobatikoetan murgildu ziren dantzariak, beren irudimenezko lengoaian elkarrekin komunikatzen, oheak norabide guztietan mugituz eta zirku-jauzietarako baliatuz, giltza mekanikoekin eta oheetako barroteekin musika eginez eta, beste ezeren gainetik, itzelezko umorearekin aztertuz giza zoramenaren sakoneko zioak.
Igandeko ilunabarrean, berriz, Miarritzeko balletak gertakizun artistiko ukaezina eman zuen Paueko orkestra sinfonikoarekin, Lucifer piezaren erabateko estreinaldian. Guillaume Connessonek sortu du estilo garaikideko musika sinfonikoa eta harekin batera doan libretoa, naturaz gaindiko izakiek mortalokin izandako harremanetatik jasan dezaketen zigorraren mitoa eraldatuz. Thierry Malandain, aldiz, garai bateko ballet programatikoen ildotik ibili da, dantzariekin eginez hain gustukoak dituen banaketa geometrikoak eta eskertzeko moduko berrikuntzak tartekatuz jantzien diseinuan eta mugimenduaren planteamenduan. Arlo horretan aipatzekoak dira deabruen irudikerien antzeko giza desegituratzeak eta orkestrak gidaturiko frenesi nahiz poesiazko pasarteak.
Bigarren saioan L'amour sorcier etorri zen, eta Manuel de Fallak berak egindako moldaketan bezala, mezzo-soprano batek abestu zituen hiru kanta, cantaora baten rolean. Malandainek ondo jaso du ijito giroko oda pasionatua, narratibotasun hutsetik ihesi eta partituraren lirismoa era sinbolikoan irudikatuz, baina bikote protagonistaren itxurazko biluztasunak kontraesan estetiko nabarmena sortu zuen planteamendu orokorraren fineziarekin, batez ere kontuan izanda Lucifer-en ere erabilia zuela errekurtso bera.
Azken zatian, hainbatetan ikusitako Bolero eskaini zen. Ravelen musikan oinarrituriko pieza arrakasta segurukoa da, etengabe gorantz doan kemena dela medio, baina dantzarien taldean afinazio arazoak izan ziren eta horrek baimena eman zigun hari tresnen erabilera bereziaz eta haize instrumentuen txandakatzeaz plazer handiz gozatzeko.
Kritika. Dantza
Abiadura bizian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu