Kritika. Dantza

Afrikatik guganaino

Agus Perez.
2012ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Miarritzeko Maitaldia

Konpainiak: Jant-Bi, Caengo CCN eta Introdans.

Lekuak: Miarritzeko Colisee eta Gare du Midi antzokiak.

Egunak: irailak 13 eta 14.

Ostegunean jaso genuen Germaine Acognyren bisita Maitaldia jaialdian. Yoruba emakume handi hau Jant-Bi konpainiaren arima da —iaz egon zen Maitaldian Ugandako gerraren gaineko gogoeta batekin— eta Afrikako dantza garaikidearen sortzailetzat jo dezakegu, bere sustraiekin gordetzen dituen loturengatik eta bere diskurtso fisiko eta mentalaren gaurkotasunagatik.

Oraingo honetan bakarrik etorri da, baina Songook yakaar (Esperantzari ekin) saioan bere ohiko kolaboratzaile batzuen laguntza jaso du, batez ere musika eta bideo alorretan. Mahai bat, aulkia eta ura izan dira elementu eszeniko bakarrak, baina Acognyk ez ditu konbentzionalki erabili, eta bere hitzaldia ikusleen artean hasi du, hortik aurrera europarrontzat ezezaguna den mundu ikuskera bat aurkezteko, afrikar pentsamenduaren era eta bideetatik ibiliz.

Horrela izanik, hitza, dantza, musika eta Afrikari buruzko irudiak baliatu ditu hango egoeraz eta izaeraz umore eta ironiarekin hausnartzeko, eta euskaraz «Altxa!» esanez, ikusle guztiak dantzatzen jarri ditu, euskal jendearekiko eskerrona behin eta berriro aldarrikatuz. Izan ere, 70 urteko dama kementsu honek interes handia dauka munduko dantza adierazpideak ezagutzen, eta Mizel Theret koreografoaren Oroitzen naiz piezako Jean Nesprias, Philippe Oyhamburu eta Koldo Zabala euskal dantzari handiekin egona da azken egunotan.

Jarraian ikusitako Just to dance... ikuskizuna Hela Fattoumi eta Eric Lamoureux koreografoen sorkuntza da, eta kasu honetan ere garrantzi handikoak izan dira hitzak, zuzenean jotako soinuekin batera. Dantzariek mikrofonoan aurkeztu dute beren jatorria —Afrika, Japonia eta Europa—, eta Martinikako Edouard Glissant-en gogoetek kultur arteko esanahia eman diote lanari, etengabeko inprobisazioaren eta muturreko esperimentazio hutsalaren sentsazioa hala edo nola saihestuz.

Azkenik, Herbehereetako Introdans konpainiak lau pieza ekarri ditu. Haietariko hiru —Thierry Malandainen Bolero (2001) eta Nacho Duatoren Por vos muero (1996) eta Cor perdut (1989)— hainbatetan ikusi dira gurean, baina Cayetano Sotoren Fugaz estreinaldia izan da Euskal Herrian. Sotok bere aitaren heriotzan sortutako lan honetan araztasun izugarriz dantzatzen dute zuriz jantzitako lau emakumek, beltzezko gizon ilunek haien inguruko artegatasuna eragiten duten bitartean. George Ivanovitx Gurdjieff-en biolontxelo eta piano musika tragikoa antzinako emakume hiletarien kantuetan inspiratua da, eta dantza ere edozein soberako elementutik erauzia izan da, heriotza eta bizitzaren arteko solas izugarriari dagokion bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.