73. Musika Hamabostaldia. Kritika. Viktoria Eugenia Antzokia

Amuarrain freskoa

Arkaitz Mendoza.
2012ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Christian Zacharias eta Arriaga Laukotea

Egitaraua: Ludwig van Beethovenen 'Op.10/2' eta 'Op.110' sonatak eta Franz Schuberten 'Amuarraina Boskotea'.

Lekua: Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: abuztuak 31.

Edozein jatetxetara joatean, bai haragi bai arrain freskoa eskatzen dugu, izoztua zerbitzatzen badigute errespetu faltatzat joko baikenuke. Musika Hamabostaldi honetan Viktoria Eugenia antzoki handian eskaini den kontzertu bakarrean, lehen zati izoztu bat eta bigarren zati fresko bat dastatu genituen. Bost izarreko jatetxetzat geneukan Christian Zacharias piano jotzailea, baina sasoi kaskarrean etorri da gure jaialdira. Bezperako Johannes Brahmsen Kontzertua-k denetarik izan zuen eta herenegungo emanaldian espero genuen Ludwig van Beethoven arrakastatsua ezerezean geratu zen: Zacharias ez da sasoi onean azaldu Donostiara. Ezker esku iskanbilatsu bat, melodiari mesederik egiten ez dioten horietarikoa, Op.10/2 sonatako Finale pasartea zalapartari oso, bi eskuen bateratasuna guztiz galduta. Fintasun egokiagoan aritu zen Op.110 Sonata-n, baina ez zen maisu handiek erakusten duten urreztapenean aritu; gogor zenbait unetan eta soinu desoreka besteetan. Azkeneko hamarkadan hain lagun izan dugun Zacharias, urteroko bere errezitaldi pozgarrien distirarekin, aurten ez da fin ibili.

Arriaga harizko laukotea genuen Zachariasen gonbidatu gisa Franz Schuberten 'Amuarraina' Boskotea interpretatzeko garaian. Izoztutik freskora aldatu zen musika jakia, Schubert arin eta alai bat landuz. Arriaga laukotean Aitzol Iturriagagoitia lehen biolinaren soinua zenbaitetan tenk eta kirrinkari entzun arren, Damien Ventula biolontxelo jotzailearen eta Edicson Ruiz kontrabaxu jotzaile gaztearen sostengua primerakoak izan ziren. Hunkiberazko Andante leun bat eskaini zigun boskoteak eta Zachariasen dotorezia berpiztuz joan zen. Maila handiko ganbera musika, jakituria handiko bost musikari argi eta interpretazio zoriongarri eta freskoa. Hurrengo urteetara begira, ea hainbestetan alde batera uzten dugun ganbera musika berreskuratzeko bidean azaltzen diren antolatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.