'2d1'
Lekua: Di-da aretoa. Abadiño, Noiz arte: irailaren 30era arte.
Museo handikiz eta galeria komertzialez haraindi, arte zirkuitu lokalaren periferietan bada ekimen interesekorik, eta halakoei ere arreta jartzea beharrezkoa dugu. Gotzon Garaizabal (Elorrio, 1968) eta Peru Magdalena (Abadiño, 1980) diziplina anitzeko sortzaileak ditugu, eta oraingoan proiektu berria (www.2d1.eu) aurkeztu dute gune ezohikoan bezain atseginean.
Magdalena —idazle, bertsolari eta margolaria— eta Garaizabal — diseinu eta komunikazioan lan egiten duen artista plastikoa— orain urte batzuk hasi ziren elkarlanean, inguruko beste sortzaile batzuekin batera, hainbat ikuskizunetarako zuzenean pintatzen. Harremana sendotzeko eta barne kreazio beharrizana asetzeko lokal bila hasi ziren Anbotopean, eta sormen gune emankorra bihurtu da denbora gutxian. Sortze prozesua erakusteko nahiaren fruitu, mostra hau ibilbide horren laburpen gisa uler daiteke.
Arreta ematen duen lehen gauza espazioa bera da. Lan gunea izaki, konputagailu artean, hainbat estantziatako paretetan, batzar gune, ezkaratz txikian zein komun aldean ere kokatu dituzte piezak, atmosfera berezia sorrarazteraino. Iragan urtean gauzatutako lan mordoxka dira, orotariko teknika eta tamainakoak, hala nola olioa, esmaltea, akrilikoak, argizariak, collageak, transferrak, guztiak euskarri arras ezberdinetan. Izan ere, ohikoa dute eskura daukaten guztia sormenerako birziklatzea. Hala, mihise zuria ez da sekula abiapuntua, aurretiaz existitzen den zerbait baizik, eta hortik aurrera, denetariko materialak erabiliz —motibo hiperrealistak zein elikagaiak, kasu—, forma, bolumen eta ehundura desberdinak sorrarazten dituzte.
Erreferente jakinik izan ez arren, bisitariak espresionismo abstraktu estatubatuarraren, surrealismoaren, edota Basquiaten zein Zumetaren zantzuak identifika ditzake, neurri batean. Oro har, abstrakzioaren eta figurazioaren artean ari dira, pintura modu adierazkor eta keinuen bidezko bati bide emanez; pintzelkada solte eta adierazkorrak berba, esaldi eta inskripzio enigmatikoekin tartekatzen dira, denetariko ideiak iradokiz, gauza pertsonal eta intimoenetatik erreferentzia sozial, politiko edo kultural zabalagoetaraino. Badira lan erabat abstraktuak, eta errealismo zikin eta koloretsuko proposamenak ere, esaterako, zaldiak, ardo kopak edota tamaina errealeko autorretratu katartikoa, praktika psikoanalitiko plastikoa balitz bezala. Ametsen mundua da koadro askoren abiapuntua. Surrealisten entseguak errekuperatuz, iruditan jarri dituzten ametsak kontatu dizkiote elkarri, eta erdi lotan ere margotu dute arrazoiak kutsatu gabeko subkontzientea modu automatikoan ageriratu propio, hala karga oniriko nabarmeneko eszenak sortuz.
Badira planteamendu berritzaileagoak ere, horien artean Kuntur tree musika taldearen disko-botilen —Mendrakako txakolinarekin batera USB memorian datoz taldearen hiru diskoak— etiketa indibidualizatuak, edota Mikel Garaizabal enologoarekin gauzatu Hordago ardoa dastatze artistikoko pintura lan zatiekin osatu ardoaren sentsualtasun giroa islatzen duen seriea, guztiak artea ulertzeko bestelako kontzepzioaren eta hainbat diziplinaren hartu-emanen emaitzak.
Ez dute, agian, estilo definitu bat, ez baita hori lortzea lehen asmoa, baina nabari zaie lengoaia modu konkretu batekiko afinitatea. Pintura indartsua, kromatismo aberatsekoa, espontaneoa dugu; bizia eta, aldi berean, enigmatikoa, kutsu poetikoduna. Artelan orok lez, pinturak interpretazio maila asko ahalbidetzen ditu, eta, kasu honetan, artistek truke etengabean lan egiten dutenez, interpretazio posibleak areagotu egiten dira, margolanen ahalmen iradokitzailea areagotuz. Gainera, osotasun bat sortzen dute, baina pieza —edo serie— bakoitzak badu zeresanik bere baitan. Gustu kontuak gorabehera, zinez tentsioa eta benekotasuna darie lan hauei.
Margogintza nagusi izan arren, pinturaren kontzepzio eta esparru tradizionala gainditzen dute. Haatik, modernitateak inposatu eta posmodernitateak deuseztatu duen artea erakusteko areto zuri hutsetik kanpoko espazioan kokatu arren, muntatzea orekatua da, neurritsua, espaziora ondo egokitua, eta horrek artelanei bestelako balio erantsia ematen die.
Arte garaikidearen sistemaren albo batean diskurtso propioa gauzatzen ari dira Peru Magdalena eta Gotzon Garaizabal, eta proiektu berriak ez zaizkie falta. Eskertzekoak dira, duda barik, merkatura edota instituzioetara hainbeste begiratu ez eta norberaren eta ingurukoen beharrizan eta nahietara begirakoak diren egitasmo artistikoak, eta bada halakorik bi margolarion egitasmoan, haien jardun eta lanean energia eta egiten dutenagatiko konpromisoa agerikoa baita. Bi dira bat, Anbotopean margotzen.
Kritika. Artea
Anbotopean margotzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu