Kritika. Antzekia

Antzerki apalaren balioak

Agus Perez.
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
'Cão que morre não ladra' eta 'Lázaro'

Konpainiak: Chapitô eta Mirage. Lekua: Eibarko Coliseo Antzokia. Datak: Otsailaren 28an eta 29an.

Antzerki xumearen bi ale polit aurkeztu dira Eibarko Antzerki Jardunaldien lehen egunetan. Bata Lisboatik etorri da eta bestea Madrildik, eta bietan frogatu da eszenaratzearen eta baliabideen apaltasunak asko eman ahal duela antzezkizunaren maila artistikoan.

Portugalgo Companhia do Chapitô jardunaldietako beteranoa da, Eibarrera ekarritako Talvez Camões zoragarri harekin hasi baitzen Euskal Herria fideltasunez bisitatzen. Beren muntaietan testuaren plano berean jartzen dituzte gainontzeko alderdi eszenikoak —objektuen maneiu ia magikoa, gorputz-lengoaia, argia eta musika…——eta garrantzia handia ematen diote pertsonaien barne karakterizazioari eta, zelan ez, baliabide eszenikoen apaltasunari.

Aurreko muntaietan ez bezala, oraingoan ez dute figura historiko edo mitikoren bat aitzakiatzat hartu —Camões, Jaungoikoa, Drakula…—, baina beren betiko umorearen fintasun berberarekin aztertu dute arrunta zirudien sendi baten kasua, txakurrarengandik hasi eta ama, aita eta semearekin bukatu arte. Umore beltza eta sormena izan dira taula gaineko hiru antzezleen (eta txakurraren) bertuteak, baina bereziki nabarmendu behar dugu Marta Cerqueiraren prestakuntza fisiko harrigarria eta, musikaren arloan, aspaldiko disko-jogailu bat zuzenean erabili izana.

Hurrengo egunean, Espainiako Mirage konpainiaren Lázaro izeneko lana antzerki apalaren ildo beretik joan da, nahiz eta kasu honetan emaitza ez den aurrekoa bezain biribila izan.

Taula gainetik sakabanatutako arropa meta handietatik hiru gizon irten dira hasiera batean —haietariko bi antzezleak eta bestea musikaria— eta hiruren artean espainiar literaturaren klasikoa den Tormesko itsumutila-ren bertsio garaikidea gauzatu dute, arropa eta karakterizazio ugariak erabiliz eta kantak eta magia-truku politak han-hemenka tartekatuz.

Kontakizunak, ordea, nolabaiteko desorientazioa sortu du ikusleengan, itsuaren eta itsumutilaren pertsonaiak aktore batengandik bestearengana etengabe igaro direlako eta gaur egungo baztertuen kontuak ganora handiagorekin txertatu behar zirelako jatorrizko testuan. Hala ere, oso estimagarria egin zaigu bigarren emanaldi hau ere, antzerki apalaren balioak aldez eta moldez defendatu dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.