Kritika. Musika

Argi-ilunak biharamunean

Myles Broscoe, Regina Chassagne eta Win Butler, Arcade Fireko kideak, Bilboko emanaldian. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Inaxio Esnaola Aranzadi.
2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Arcade Fire

Lekua: Bilboko Guggenheim museoa. Eguna: uztailak 13.

Zinema zaharra museoaren ondoan. Horrelakorik ez da geratzen Bilbo berrituan. Asteazken gauean, ordea, zuri-beltzeko doinu eta irudiek beren lekua egin zuten Guggenheimaren alboko zabalgunean. Arcade Fire talde sarituak jendez bete zuen kontzertu eremua, bere garaian Red Hot Chili Peppersek eta The Smashing Pumpkinsek egin bezala. Quebeceko bandak argi-ilunez beteriko emanaldia eskaini zuen. Batzuetan, iluna eta sakona; besteetan, argitsua eta dantzagarria. Iraupen laburrekoa izan zen askorentzat —ordu eta erdi eskas—, eta soinua ez zen oso ona izan. Sarrerak amaitu ez baziren ere, asteburuan BBK Live jaialdiarekin asebete ez ziren askok ez zuten kontzertua galdu nahi izan.

Lainoek ezkutatzen zuten eguzkia gorde bitartean, L.A. eta The Walkmen taldeek girotu zuten itxaronaldia. The Walkmenek zale ugari erakarri zituen,eta Lisbon aurkeztu zuen, post-punkaren oraina jasotzen duen diskoa. Elegante jantzita, zetorrenaren aurrekari atsegina izan zen. Gaueko hamarretarako zegoen iragarrita Arcade Fireren kontzertua. Zerua iluntzetik ez zebilen urrun, eta agertokian jarritako hiru pantaila handiak pizteko unea iritsi zen. Agertokiko zinema zaharrean, Scenes from the Suburbs film laburraren irudiak jarri zituzten, Montreal hirikoek Spike Lee zuzendariarekin elkarlanean egindakoa.

Win Butler eta Regina Chassagne buru zirela, zortzi musikariek —Marika Anthony-Shaw birako biolin jotzailea tartean— agertokia zapaldu zuten. Europako bira osoan egin bezala, azken laneko Ready to Start kantuarekin hasi zuten emanaldia. Bi bateria erabili zituzten abesti bakarra izan zen. Askotariko musika tresnen erabilera ere orduan hasi zen, akaso estetikoagoa musikala baino. Soinu kaskarraren erruz, zarrabetea, xilofonoa, biolinak, teklatuak eta beste ez ziren behar bezala entzun. Nolanahi ere, gogotsu agertu ziren, eta indar berarekin jo zituzten Keep the Car Running eta Neighborhood #2 (Laika) kantuak. Aurkezpena hiru diskoetako abesti banarekin egin zuten.

Lortu duten arrakastak lotura zuzena du sormen lan apartarekin. Funeral (2004) estreinako lan txalotuan, Neon Bible (2007) jarraipenean eta iazko The Suburbs sarituan altxorrik ez da falta. Hiruretan jasotako ereserkiak pixkanaka aletu zituzten bildu zirenen gozamenerako. Uste baino lehenago jo zuten No Cars Go ezaguna, gurean ETBko Objetivo Euskadi eta Anitzele saioek sarrera doinu gisa erabili izan dutena. Argitasunetik iluntasunera jauzi egiteko duten abilezia Haïti eta Intervention-ekin erakutsi zuten. Lehenengoa palmondo irudiekin eta era tropikalean aurkeztu zuten, eta bigarrena elizako organo sarkorra gogora ekarriz.

Grammy sarietan The Suburbs urteko diskorik onena izendatu ondotik, Arcade Fireren oihartzuna nabarmen areagotu da. Aurreko bi lanen esperimentazioa apaldu eta kantu biribilagoak egin izanak arrakasta komertziala eman dio. Horregatik, zuzenean ere ederki defendatu zituzten Rococo, The Suburbs eta Month of May zinez dantzagarria. Aurretik, ordea, gehiago dantzatu ziren ikusleak Neighborhood #1 (Tunnels) abestiarekin. Guggenheim ondoko zabalgunea koro erraldoi bilakatu zuten. Unerik gorena izan zen.

Azken txanparako Rebellion (Lies) eta Wake up kantu esanguratsuak gorde zituzten, biak ala biak aurreneko lanekoak. Orduan igarri zen bildu zirenen artean zeintzuek segitzen zuten taldea hasieratik eta zeintzuek mainstream bihurtu ondoren. Bisetan sarturik, Sprawl II (Mountains beyond Mountains) atmosferikoa aukeratu zuten kontzertuari bukaera emateko. Soinu aldetik desatsegina izan zen grabeen muturreko burrunbarengatik, eta ikusle gehienak ez ziren gustura geratu. Gehiagoren esperoan ziren asko, baina ez zen gehiagorik izan, eta bukaera uste baino hotzagoa izan zen. Dena dela, zortzi musikariek ondo baino hobeto bete zuten beraien egitekoa. Bereziki, Will Butler abeslari, gitarrista eta piano jotzaile geldiezinak. Gainera, kideen arteko musika tresnen trukatzea entretenigarria izan zen.

Arcade Firek Euskal Herrira egindako lehen bisita izateko, sentsazio orokorra gazi-gozoa izan zen. Leku aproposa zuten emanaldi gogoangarria eskaintzeko, baina ez zen horrela gertatu. Hilabete batzuk atzera Madrilen eta Bartzelonan ikusi zituztenek ez zuten magia bera topatu Bilbon. Gainontzekoek irribarre neurtua eraman zuten etxera. Hurrengo batean argi-ilunak bestelakoak badira, hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.