'Intruders'
Zuzendaria: Juan Carlos Fresnadillo. Gidoia: Nicolas Casariego / Jaime Marques. Aktoreak: Clive Owen, Carice Van Houten, Daniel Bruhl, Pilar Lopez de Ayala, Ella Purnell, Izan Corchero. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 100 minutu.
Beldurrezko film bat eraikitzeko orduan bi izaten dira molde nagusiak. Bata, pertsonaiak eta egoera aurkeztu, eta horien garapena egin, pixkanaka tentsio dosia handitzen den bitartean. Bigarrena, zuzen-zuzenean beldurra eragiten ahal duen horretara jo eta hortik aurrera ikaraldiak dosifikatzen saiatu, azkeneko klimax-era ailegatu arte.
Intruders-en bigarrenaren aldeko apustu garbia egin du Juan Carlos Fresnadillok. Lehen sekuentziatik munstroa da istorio osoaren protagonista. Haren ondoan, gainerako pertsonaiak piztiaren dantzaren erritmora mugitzen diren txotxongilo tristeak dira, nortasunik eta iraganik gabeak, adierazkortasun gutxikoak.
Haurtzaroko amesgaiztoen inguruko enegarren filma da Intruders. Gaztetxoek omen duten irudimen mugagabea baliabide erraza da ikara eragiteko, gidoi landurik ez da behar. Kasu honetan ere, halaxe da.
Azken urteotan zinema espainiarreko arrakasta sonatuenetatik hainbat mailegu hartuta —estetikoki El laberinto del fauno, narratiboki El orfanato—, Fresnadillok lotura guztiz bortxatua duten bi istorio paralelo erabili ditu nahi duena kontatzeko. Eta asko da; horregatik, arrapaladan egin behar du gehienetan —zuhaitzaren bi sekuentzia, amaiera salbatzailea…—. Presa hori are ulergaitzagoa da sartu dituen hainbat elementu soberan daudenean: apaizak eta haien sasi-exorzismoa, urtebetetze festa, logelako bigarren erasoaldi klonikoa...
Duela hamar urte Intacto pelikula txukuna egin ostean, Hollywoodera begira jarri zen zuzendari espainiarra, eta bide horretan bere lanek nortasun ezaugarri ia guztiak galdu dituzte. Intruders-ek itxura erakargarria erakutsi nahi du aurpegirik gabeko munstro baten bitartez, baina bata zein bestea arima gabekoak dira.
Donostiako 59. Zinemaldia. Kritika. Sail ofiziala
Arimarik gabeko munstroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu