Il Giardino Armonico
Flautista eta zuzendaria: Giovanni Antonini. Egitaraua: G. P. Telemannen 'TWV 55:A2 Suite' eta J.S. Bach Brandenburgoko 3., 4. eta 5. kontzertuak. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: urtarrilak 17.
Urtero datozkigu Antonini eta bere orkestra magikoa. Urtero plazaratzen dute beren jakituria eta trebetasuna. Urtero pizten dizkigute saihetsetan ezkutatuak ditugun arima freskoak. Urtero berritasunean finkatzen dute musika egitarau zorrotza, urtetik urtera konplexuago eta koloretsuago. Urtero bezala, Antonini maisuaren indar eta musika irensteko gogo bizi kutsakorra zaleengan ziztu bizian hedatu da, beren bizietako azkeneko kontzertua izango balitz bezala.
Telemannen Antoniniren xirula ikaragarri magikoa izan zen orkestrarekin hitzartutako elkarrizketetan. Adierazpenean, soinu kolore ugarietan, intentsitatean, abiadura argitsuan, teknika zalapartatsuan, den-denetan zoragarri aritu ziren Il Giardino Armonicokoak. Horrela biribildu zuten Air à l'Italienne edota Rejouissance jostagarria, fresko, berri, duela 400 urte idatzitako musikari gaurkotasun miresgarria txertatuz. Halere, Telemannen lilura ezerezean lurrintzen da Bach handiaren musika arnasten denean. Brandenburgoko hiru kontzertuen presentzia handitasun eta maisutasun gaindiezin izan zen Telemannekin kontrajartzean. Hirugarren kontzertuko talde lana, osotasunean jorratutako lotura askaezina eta lehen eta bigarren biolinen arteko lehia baikorra interpretazio txalogarri ederrean laburbildu ziren.
Klabezinaren artisau egitekoa, kontzertinoaren teknika harropuzkeria basatia eta Antoniniren beraren flauta maitagarriaren xuxurla hirukote hobezin bihurtu ziren Bachen Bosgarren Kontzertuan. Horra hor Presto atalean gauzaturiko kadentzia pasarte sineskorrak edota Affettuoso melodian buruturiko musika hats txundigarriak. Flauta bikotekide aproposa aukeratu zuen Antoninik Laugarren Kontzertua biribiltzeko, nahiz eta Bosgarrenean izandako afinazio akatsak errepikatu. Amaiera miragarria Carl Philipp Emanuel Bach-en Sol Maiorreko Sinfoniako Allegro assai interpretazio bikainaz gozatzean; honenbestez, bai, artea oso bizirik dago.
Kritika. Musika
Artea bizirik dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu