Casals laukotea
Biolin jotzaileak: Vera Martinez, Abel Tomas. Biola jotzailea: Jonathan Brown. Biolontxelo jotzailea: Arnau Tomas. Egitaraua: G. 205, B (Luigi Boccherini), SZ.91 (Bela Bartok), OP. 132 (Ludwig van Beethoven). Lekua: Viktoria Eugenia antzokia.Eguna: abuztuak 10.
Musika Hamabostaldia amaitu da. Musikalki ezinezkoa izango da aurtengo ekitaldian kalitate hobeagoko kontzerturik entzutea. Casals hari laukoteak eskainitako emanaldia guztion garunetan gordetzeko altxor preziatua izan da. Sekulakoa, izugarria, kilikagarria, egundokoa, ezustekoa, adoretsua eta gaindiezina!
Ganbera musikaren ezaugarri eta esparru guztiak aldarrikatu zituzten lau musikariek errezitaldiko lehen minutuetatik aurrera. Hainbat urtez egunero lauzpabost orduz elkartu, ikasi eta entseatzen duen hari laukote hau bikaintasunaren itzala da edozein musika emanalditan, txundigarria!
Elkar entzutea, bateratasuna, dinamika ñabardurak, arnasteko une txikiak, melodiaren esaldikapenaren nondik norakoak, sentiberatasunaren garapena, obraren egitura zaintzea eta laukoteko kide bakoitzaren sentipen puntuaren txertaketa maisutasun ikaragarriz lantzen du Madrilen sortu eta munduko auditorium handietan zoramena pizten ari den laukote honek. Boccheriniren Abel izan genuen lehen biolinean, eta freskotasun itzelez garatu zuten interpretazioa, laukotearen ardurarik korapilatsuena bere baitan baitzegoen. Nahiz eta laukotean denek maila bereko garrantzia izan, obra honetan lehen biolina bakarlari kutsuz hornitua idatzia izan zen, eta horrela adierazi nahi izan zuten intentzio osoz.
Bartok hungariarra aurtengo Musika Hamabostaldiko beste musikagile omendua dugu, eta haren 4. Laukotea entzuteko aukera zitala izan zen. Zailtasunak edozein izkinatan aurki genitzake obra horretan, eta Vera Martinezen gidaritzapean laukoteak eskainitako dinamika, arku eratze ezberdinak eta indar korrontea harrigarri sentitu ziren.
Amaieran koroatu zuten Beethovenen 15. Laukotea-ren hasieran kontzentrazio maila zertxobait jaitsi arren, kemena berreskuratu eta Alla marcia-tik bukaera arte kalitate itzelezko musika altxor distiratsu bat izan zen Casals hari laukotea.
Donostiako 72. Musika Hamabostaldia. Kritika
Aurtengo altxorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu