Budapest Jaialdiko Orkestra
Zuzendaria: Ivan Fischer.
Pianista: Dejan Lazic.
Egitaraua: F. Liszten 'Mephisto Waltz' eta 'Pianorako 1. Kontzertua' eta G. Mahlerren 'Blumine' eta 1. Sinfonia'. Lekua: Kursaaleko auditoriuma. Eguna: abuztuak 31.
Mendekua ala beste musika jipoi bat? Berriz ere hungariarrak agertokian eta bigarren partida berehala alde izateko grina pil-pilean. Liszten Mephisto Waltz gartsu eta desio handiz interpretatu zen atril guztietan, solte, bals batek gidatzen duen dantza giroan, baina bat-bateko saiorako ez zen tarterik utzi, oro aurrez hausnartuta egongo balitz bezala. Zaldiak alfilen alboan eroso, biolontxeloak biolen parean, eta bakarlariren bat bero-bero, maisu-maistra handiek soilik egin dezaketen jokaldi bikainerako prest. Liszten interpretazioan bigarren tronpeta genuen musikariak gozagarri liluratu gintuen Blumine obran. Aurkaria ez zen makal geratu, eta erantzuna ziztu bizian iritsi zen.
Aurtengo bakarlaririk handiena izan da Dejan Lazic pianista kroaziarra. Liszten piano obrak ikusgarri eta suziriz josita azaldu arren, igurtzi eta laztanez inguratu beharreko partiturak dira. Argi asko azaldu zituen ezaugarriok xake partidaren garapenik altuenean. Ivan Fischerren aginduetara, askatasun osoa izan zuen, erregina paseatzera ateratzeko, eta mahai jokoko lauki guztiak bereganatu zituen indarrez eta poderioz. Onenetakoa izan da, Casals Laukotearen Boccherini eta astearteko Dvorak-en 8. Sinfonia-ren ondoren, aurtengo interpretazioen sailkapen orokorrean.
Mahlerren harrerak behin betiko zartada zirudien, baina ez; ezusteko galanta izan genuen lehen minutuetan. Budapesteko orkestra ez zen ondo sentitu, harridura aurpegiak aurkariaren jokaldi sinestezina ikustean. Aurkaria afinazio ustela izan zen, oso traketsa, halako orkestra ikaragarrian ulertezina. Piezak berriz ordenatu, eta partida bideratzeko jakinduria agertu zuen Fischerrek. Mahler berotzen hasi zen, irakiten, onura bidean, zoriontsu, arrapaladan eta azkenengo minutuak txundigarriak izan ziren, musikariak pozik, partidaren garaipena ospatuz. Aurtengo Hamabostaldiko garaileetako bat sentitu ziren.
Kritika. Donostiako 72. Musika Hamabostaldia
Azken partida
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu