Esteban Landart
Egitaraua: J.S. Bach, N. Bruhns eta D. Buxtehuderen obrak. Lekua: Iesu eliza (Donostiako Loiolako Erriberak auzoan). Eguna: abuztuaren 11.
Rafael Moneo arkitektoak eraiki berri duen Iesu eliza berrira Musika Hamabostaldia gerturatu da, Esteban Landart organo jotzaile irundar handiaren bitartez. Klais organo etxeak taxutu duen organo alemaniarra prest iritsi da Bach musikagilearen inguruan egituratutako musika emanaldia ospatzeko. Landarten obra aukeraketa ezin hobea izan zen: Bachen bi obra puska errezitaldia ireki eta ixteko; tartean, Bachen musika adiskide kuttun izan zuen Buxtehude eta azken horren ikasle izan zen Bruhns.
Gertutik ezagutzen dut Landart, nire organo irakaslea izan baitzen Baionako Kontserbatorioan, eta musikari oso zorrotza izan da betiere. Ñabardura oro kontrolpean, lau konpas aztertzen ordubete igarotzeko beharra sentitzen duen horietakoa baita Landart. Iesu eliza garaikidean sekulako erakustaldia oparitu zigun entzuleoi, hara hor Bachen Passacaglia-ren barne egituren adierazkortasuna, ederki loratuz eta Klais organoak eskaintzen zizkion soinu baliabide ezberdinak argudio itzelez aukeratuz.
Iesu elizaren altuera hain handientsu izanik eta Moneoren egitura karratuen kantoiak hain sakonak, nahastea agerian sentitzen zen soinuaren adierazpenean; ez zen Landart errudun, argi asko irudikatu baitzituen ahots geruza bakoitzaren joan-etorriak, baina akustikaren tratamendua ez da biribila izan Moneoren partez. Halere, Bruhnsen Mi minorreko Preludioa kolore anitzez hornitzen zituen bitartean, Buxtehuderen Buxwv 210 obran musika txatal bakoitzaren aldakuntzak berezko zentzuan entzunarazi zituen irundarrak, segidan zetorren errezitaldiko obrarik miresgarriena prestatuz. Bachen Mi minorreko Preludio eta Fuga kilikagarri, txundigarri eta emozio handiz gauzatu zuen Landartek; agian, tempo arinegiak elizaren akustika nahasi horretan, baina Bach musikagile erraldoiak planteatzen dituen disonantzia, apaindura eta esaldikapenen arteko loturak gozamen hutsez dotoretu zituen organo jotzaileak.
Donostiako 72. Musika Hamabostaldia. Kritika
Barrokoaren funtsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu