Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala

Bigarren aukera

Gontzal Agote.
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
'Días de pesca'

Zuzendaria: Carlos Sorin. Aktoreak: Alejandro Awada, Victoria Almeida. Herrialdea: Argentina. Iraupena: 80 minutu.

Patagonia, nola bestela, da film berriko protagonista: bere paisaiak, itsasoa, haizea, zeru mugagabeak eta eremu infinituak. Inguru horretara ailegatuko da protagonista. Helburu bakarra du: galdutako alabarekin harremana berreskuratzea, edo sikiera hari barkamena eskatzea. Baina ez zaio erraza egiten haraino zerk eraman duen bere buruari aitortzea, aitzakia behar du, horrela bihurtuko da lehorreko arrantzale.

Estanpa txikiak, egunerokoak, lur berezi horren denbora pausatuari egokitzen zaizkionak. Tucci bezala, arrotzak ere badira inguruan: entrenatzailea eta bere boxeolaria, mundua zeharkatzen ari diren gazte alaiak. Haiek eta bertakoak inguru galdu horretan, munduaren amaieran.

Onbera da protagonista, errukiz begiratuko diogu, baina nonbait istorio latza du atzetik. Ez dugu ezagutuko, imajinatzen ahal ditugu zertzelada batzuk. Bizimodu gris samarra izan du eta iraganean dena ez zen arrosa kolorekoa izan. Erredentzio bila ailegatuko da Patagoniara, kainabera lagun. Arrantzale plantak eginen ditu, baina marrazoak ikustea ez da benetan inporta zaiona. Hitz gutxikoa da, ez da trebea elkarrizketetan, beharbada damuak mututu du.

Patagoniako lurraldea eta pertsonaia galeria bat. Hainbatetan oso emaitza ona eman dion estilo baten jabe da Carlos Sorin. Txalogarria da bereari dion leialtasuna, baina errepikakorra ere gertatzen ahal da. Minimotasunaren adierazle dira bere pelikulak, eta Días de pesca-k bide beretik jarraitu du, akaso inoiz egin duen istoriorik minimoena da honako hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.