Donostiako 46. Jazzaldia. Kritika

Blai, zazpi itsasoetatik Afrikara

Cassandra Wilson, herenegun iluntzean eman zuen kontzertuan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Avishai Cohen Trio: 'Seven Seas' / Cassandra Wilson.
Lekua: Trintateko Plaza
Eguna: uztailak 24


Blai, euria dugu nagusi azken egun hauetan Trinitateko plazan, baina ikusleok (blai) ez dugu etsitzen.

Oparitzen duten plastikozko zorro batean sarturik (blai), prest gaude edozein mendebali aurre egiteko. Hori bai, gusturago mendebalak eta ekaitzak musikazkoak badira, Bill Evans, Medeski, eta konpainia bezalako ekaitzak datozkigunean ahaztu egiten baititugu euria eta eguraldi kaskarra. Bai. Eta McLaughlinen gitarraz bere kideak nola gozatzen duten ikusteak —han ziren taula gainean ikusle pribilegiatu gisa: Chick Corea, Ponty eta Stanley Clarke—, holakoak ikusteak, ez du preziorik.

Sefardien oihartzunak

Aurrekoan izan genuen Avishai Cohen bat tronpeta jotzaile. Igande honetan izan duguna, berriz, kasualitatea, beste Avishai Cohen bat; oraingo hau, kontrabaxu jotzaile eta abeslari. Ez ditzagun nahastu bata eta bestea. Biak hebrearrak dira izen-abizenez eta jatorriz, baina bigarrenak, kontrabaxu jotzaileak, bere proiektua aurkeztu digu, Seven Seas izenekoa hain zuzen ere, beste bi musikari gazte eta bikainekin batera. Oso era egoki eta pertsonalean nahasten ditu israeldarren doinuak eta jazza. Klezmer izan zitekeen une batean haren musika jostagarria, baina klezmer fina, eta halako batean, bere ama sefar-dia gogora ekarriz, ladinoz abesten digu, eta, areago, bere kontrabaxuak ere askotan ladinoz mintzo zaigula esango nuke: sefardien aspaldiko oihartzuna dakarkigu haren musikak. Avishaik era dotorean eraman gaitu alfonbra musikari-hegalarian zazpi itsasoen gainetik, eta ikusleok, ahoa zabalik, garamatzala utzi diogu. Azkenean, kontzertu zoragarria amaitu eta ondoren, Alfonsina y el Mar abestu digu, kontrabaxuaren laguntzaz soilik.

Wilsonen kalitatea

Ahots ikaragarria Cassandra Wilson anderearena, talde bikaina, kalitate izugarria, baina bazen zerbait, ezingo nizueke esan zer zehazki, baina bazen zerbait, hoztasuna eman ziona haren kontzertu hasierari. Berezia eta oso garbia harmonikaren doinua, Gregori Mareten eskutik; baxuarekin Plaxikok zoragarri; Brandon Ross oso ondo gitarrarekin, batez ere blues itzel hori hasi denean, gitarra slide batekin jotzean. Orduan iruditzen zait hasi dela giroa berotzen; Cassandra konfiantza hartzen joan da, eta erabat goian amaitu du Ayodola Babaola perkusio jotzaile afrikarrarekin batera joruberaz abestu duenean. Eta, beste behin ere, Afrikan amaitu dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.