'The Ides of March'
Zuzendaria: George Clooney. Aktoreak: Ryan Gosling, George Clooney, Philip Seymour Hoffman,
Paul Giamatti, Marisa Tomei, Jeffrey Wright, Evan Rachel Wood. Herrialdea: AEBak. Iraupena: 101 minutu.
Gero eta disimulu gutxiagoz, George Clooney Clint Eastwood berria izaten saiatzen ari da. Aktore lanarekin lortu duen prestigio eta ospe onari, berezkoa duen buru argitasuna gehitu, eta horiekin zuzendari lanetan filmografia interesgarria eta gorabeheratsua egiteari ekin zion. Clint beteranoaren moduan, AEBen kronista izan nahi du, baina kasu honetan konpromiso politiko batetik, eta ez humanismo kritiko batek ematen duen urruntasunetik.
Teknikoki zein zinematografikoki, txukuna da oso The Ides of March; nabaritzen da Clooneyk ekoizpen baten sekretu eta trikimailuak ederki ezagutzen dituela. Istorioa erraz eginen du aurrera, nahiz eta ikusleak AEBetako politikaren barrunbeak ezagutu ez.
Baina Eastwoodi askotan gertatu ohi zaion bezala, zuzentasun formal horrek gehiegizko hoztasunez emandako narrazioa ezkutatuko du. Pasioa falta du. Argi dago Clooneyk zer kontatu nahi duen, argi dago haren ikusmolde etiko eta politikoa zein den. Horrekin guztiarekin, baina, ez du lortuko emozio handirik transmititzea, eta giro minimalak ez du lagunduko zeregin horretan. Hortaz, arimarik gabeko ongi filmatutako istorioa dugu berriro ere, erdizka geldituko den ahalegin zintzoa, alferrikakoa.
Zuzendariaren lana inportantea izanik, The Ides of March-eko benetako oinarria aktoreen lana da. Hor dago filmaren indargunea, nekez gainditzen ahal den dream team-a agertuko baita pantailan. Fassbenderrekin batera, gaur egungo modako aktoreari utzi dio protagonismo nagusia Clooney eleganteak; Ryan Goslingek bere esfinge itxura misteriotsua paseatuko du, ilusioa eta idealak galdu bitartean.
Clooneyrekin berarekin batera, urrezko beste hiru ekarpen ditu filmak, rol ez sobera garrantzitsuak, baina aski aktore horien maila garbi uzteko: Paul Giamatti, Philip Seymour Hoffman eta Marisa Tomei. Errepoker horrekin zaila da oso pelikula txarra ateratzea.
Desengainua da The Ides of March-eko mezu nagusia, politikaren sistemak dena irensten du, lehen-lehenik ideiak eta balioak. Eta ez da oso azkarra izan behar Barack Obamarekiko desengainua sumatzeko film honen atzean, Clooney izan zen haren sustatzaile nagusietako bat, eta lau urte eskas pasa direnean, itzali egin dira orduko sugarrak.
Kritika. Zinema
Desengainuaren kronika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu