Kritika. Zinebi jaialdia. Emanaldi bereziak

Dokumentalaren artea

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
'Capturing Reality: The Art of Documentary'

Zuzendaria: Pepita Ferrari. Herrialdea: Kanada. Urtea: 2007. Iraupena: 97 minutu.

Pepita Ferrari aurtengo ekitaldiko nazioarteko epaimahaiko kideak dokumental generoaren inguruan hausnartu nahi izan du bere azken filmean, eta, horretarako, profesional ospetsuen iritziak bildu ditu. Werner Herzog, Nick Broomfield, Errol Morris, Hubert Sauper eta beste zenbait zinemagile entzutetsu elkarrizketatu ditu, eta dokumentalaren esentziari buruz galdetu die. Era guztietako ikuspuntuak jasotzen saiatu da. Paradoxikoa dirudien arren, muntaian oinarritutako lana da, eta, beraz, errealitatea muntaia gelan sortu du zuzendari kanadarrak. Kasu honetan, artxiboko irudiak ez dira garrantzitsuak, gonbidatuen hitzak interesatzen baitzaizkio. Dokumental interesgarria eta atsegina da, eta oso gustura ikusten da. Ez du dokumentalaren historia arakatzeko asmorik, eta ez da astuna egiten. Datu historikoak baino gehiago, egileen sentipen eta bizipenak transmititu nahi izan ditu, eta dokumentalaren arteari lotutako ibilbide emozionala ere kontuan hartu du. Dokumentala errealitatean oinarritzen dela pentsatu ohi izan da, baina elkarrizketatu batek Edgar Morinen adierazpenak ekartzen ditu gogora: fikzioak ez du inor engainatu nahi, ikusleak aurretik baitaki muntaketa bat dela, baina dokumentala egiaren ispilua dela pentsatu izan da. Horrenbestez, dokumentalgileak iruzurgileak dira; generoaren egiazkotasuna baliatzen dute euren interesak zabaltzeko. Herzogen ustez, dokumentalaren eta fikzioaren arteko muga artifiziala da, ametsak, sorkuntza, fantasia… dokumental bateko ezinbesteko osagaiak baitira. Morrisek, adibidez, errealitate objektiboaren (ekintzen) garrantzia azpimarratzen du, eta ez ditu atsegin objektibotasunaren aurka egiten dutenak. Dokumental asko herrialde pobreetan grabatzen direnez, etikari buruz galdetzeko ere aprobetxatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.