Lloyd Cole & His Small Ensemble / Mostly Other People Do The Killing / Kristin Asbjornsen
Lekuak: San Telmo museoa.
Eguna: uztailak 22.
Buxtonen, Ingalaterran jaiotakoLloyd Cole konposatzailea ordu erdiko atzerapenarekin agertu zen San Telmon. Harrera bikaina izan zuen, hori bai, beltzez eta korbataz jantzitako bere bi gitarrista atzean zituela eta bere ezaugarri nagusia den seriotasunarekin. Banjoa, mandolina eta lau gitarra akustiko ziren erabilitako instrumentu guztiak bere ahots goxoari kolore ederrenak azaltzen laguntzeko. Melodia arruntekin dantzan jarri zituen hitzak eta sentimenduz bete zituen zerurantz izarrei begira, noizbehinka begiak itxiz. Hala ere jendearekiko lotura hotza izan zen orokorrean. Bere ahots goxoak tono grabeetatik agudoetara egiten dituen saltoek entzuleen entzumenak konkistatu zituen, horregatik hainbat kantetan erabiltzen du tresna moduan. Erritmo aldetik aberastasuna falta izan zen, kantu asko erritmo lasaikoak eta antzekoak baitira, eta gainera perkusioko instrumenturik ezbaitu eramaten kontrastea eta dinamika lantzeko; hori bai, noizbehinka eta konpentsatzeko asmoz gitarren kaxa erabili zuten perkusio moduan une konkretu batzuetan bixitasuna emateko asmoz eta lortzera iritsi arte. Beste aldetik, espainiar gitarra jotzen duen Mark Schwaberrek, teknika bikainez, eta Matt Cullenek, arpegioz eta kolotsuak diren akorde aberats ugariz, bete zituzten kanta gehienak dotoretasuna emanez, eta Lloyd entzutea esperientzia bikaina bihurtuz.
Askatasun erakustaldia
Moppa Elliott kontrabaxu jotzaileak 2003an New Yorken teknika bikaina duten musikariekin osatutako Mostly Other People Do The Killing laukotea San Telmon energia guztia ateratzeko asmoz aritu zen, bere osotasunean, hasieratik. Askatasuna eta mugarik gabeko jazzaren arloa erakutsi zuten. Kevin Shea bateria jotzaile gaztearen jotzeko modua zehatza izan zen, energia ugari azalduz. Baliabide erritmiko ugari azaldu zituen, baina une batzuetan ez zuen bat egin bere musika taldekoen dinamikarekin edo momentuan eskatzen zuenarekin. Bestetik, hauen artean ezagunena eta 2008an Thelonius Monk sariketa irabazi zuen Jon Irabagon saxofoi jotzaileak bere teknika paregabea eta aldi berean hotza erakutsi zuen. Trompeta jotzailea izan zen osotasunean hoberena eta ikuspegi orokorraren adierazlea, San Telmoko museoaren paretak bultzatuko zituela zirudien energia guzti horren kontestuan, dinamika zaintzen jakin baitzuen, kontrasteak aurkituz une egokietan eta energia bidaliz egoerak eskatzen zuenean. Taldea bikaina da teknika aldetik, eta entzulea jazzaren barruan estilo eta une historiko ugarietara eramateko gai izan zen: bebop, hard bop eta baita free jazza ere.
Aukera bakana
Hankutsik, 23 pultsera, 17 eraztun, ile gorri kizkurra, panpina arpegia, eskuak zerurantz gerturatuz mugimendu elektrikoak eginez eta ahots berezi duen Kristin Asbjornsen abeslariak, bi gitarrista, bateria eta perkusio afrikarrak konbinatzen zituen bateria jotzailea eta baxu eta kontrabaxu jotzailea ekarri zituen. Gaur egun Europan dagoen ahots originalenetakoa da. Melodia ederrak eta sakonak erakutsi zituen, gutxitan entzun daitekeen hiru ahotsez osatutako koro bikainekin galdera-erantzun moduan jolastuz, eta bere hit-ak entzuteko aukera izan genuen. Dinamikari garrantzia ematen diola argi dago, akorde aberatsekin sortutako kanta detallistekin. Horren adierazle dira kanta batzuetan erabilitako Afrikako conting intrumentu sokadun berezia funk estilora gerturatuz eta linea politak marraztuz. Gusto ona, sentimendu ugari, teknika detallistak eta ahots bikaina eta ederra entzuteko aukera eskaini zuen, gutxitan entzun daitekeen bezalaxe.
Donostiako 46. Jazzaldia. Kritika
Dotore eta aberats
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu