'El artista y la modelo'
Zuzendaria: Fernando Trueba. Aktoreak: Jean Rochefort, Aida Folch, Claudia Cardinale, Chus Lampreave. Herrialdea: Espainia.Iraupena: 104 minutu.
Tabucchiren Pereirak ez zuen ikusi nahi inguruan zer gertatzen ari zen. Eguneroko errepresioari entzungor, egunoroko jardunean normal segitu nahi zuen. Truebaren artistak ere gerra eta erresistentzia beste batzuentzat utziko ditu; gazteei egiten utziko die, laguntza apur bat eskainiko die, baina, desengainuak jota, aparte geratuko da. Artea da inporta zaion bakarra, eta perfekzioaren bila burbuila bakartua sortu du. Artista eta bere lana.
Sorkuntzaren inguruko hausnarketatik abiatuta, miniatura eder eta samurra sortu du Fernando Truebak. Mitifikaziorik gabe, zintzotasun handiz, artistaren begietatik erakutsiko digu akabatzear dagoen mundua, eskultorearen eta bere sorkuntzaren arteko eguneroko borroka da bataila nagusia.
Patxadaz, tempo lasaiaz, eta apenas hitzik gabe. Ez da behar, begiradek hitz egiten dute, eta isiltasunaren bitartez elkarrizketa luzeak izanen dituzte artistak eta modeloak. Olusten ez denaren artea da, film osoa elipsi erraldoi bat baita, ikusleari dagokio hutsuneak betetzea.
Galderak dira, ez erantzunak. Modelo gazteak bestelako mundu bat ordezkatzen du, injustiziari aurre egin zaiola uste duena, artea arrotz duena. Elkarrekiko errespetuz, bakoitzak munduaz duen ikuskeraz aberastuko dute. Dogmarik gabe. Zaharraren etsipen pausatua, gaztearen bizipoza eta irribarre naturala.
Horrekin batera, fotografia bikaina eta Jean Rocheforten lan aparta baliatuko ditu Truebak artearen gaineko kezka eta gogoetak borobiltzeko.
Zaila da hain elementu gutxirekin horrenbeste egitea. Txikitasunaren handitasuna da.
Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala
Elkarrizketa isilak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu