Kritika. Musika

Epitafiorik ez dute oraindik idatzi

2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Judas Priest, Motorheadeta Saxon

Eguna: uztailak 31.Lekua: Barakaldoko Bizkaia Arena.

Igandea ez zen 1980ko uztailaren 31, nahiz eta BECen iragarritako emanaldiak urte hartan indar betean ziren rock gogorraren ordezkari nagusietako hiru bildu: Judas Priest, ustez azkena duten EpitaphTour biraren barruan, Motorhead eta Saxon. Hiru taldeetako kantariek egin zioten erreferentzia 1980. urteari eta garai hartan indarrean zen New Wave Of British Heavy Metal mugimenduari emanaldien uneren batean, iraganeko garaiak egun irauteko ezinbesteko balituzte bezala. Apenas zerikusirik duten orduan eta egun hiru taldeek eskain dezaketenak, baina 31 urte geroago duintasunez aritzeko moduan direla erakutsi zuten gutxi asko, argi-ilunak argi-ilun.

Saxonek izan zuen metal gaua abiatzeko ardura. Biff Byfford eta konpainia agertokira irten zirenerako itxura hartua zuen BECek; harmailetan hutsuneak baziren, baina beheko partean apenas zen lekurik. Kamiseta beltzak edonon, eta adinean denetariko jendea. Saxonek 30 urte luzeko ibilian egindakoa eskaini zuen, beste behin: emanaldi zuzen eta indartsua. Ordubeteko saioan kanta klasikoak eta Call to Arms argitaratu berri duten azken laneko zertzeladak egoki uztartu zituzten, eta garaikide dituzten beste talde askoren aldean sasoian direla berretsi. Never Surrender, Heavy Metal Thunder, Princess of the Night edo Wheels of Steel klasikoek publikoaren erantzun beroa jaso zuten.

Hogei minutu pasako etenaren ondoren igo ziren taula gaineraLemmy Kilmister, Phil Campbell eta Mike Dee. Hitz batean, Motorhead. Gordina eta zuzena izan zen emanaldia, taldeak ohikoa duen horietakoa; Lemmyren ahots garratzak, ordea, ez zuen beste batzuetako indarra izan. Kanta klasikoetan oinarritu zuten emanaldia, eta Ace of Spades eta Overkill hilezkorrekin jo zuten goia. Nabarmentzekoa Mike Dee bateria jotzailearen lana; eman indartsua eta ikusgarria agerian utzi zuen. Balekoa izan zen Motorheaden emanaldia.

Judas Priest zuzenean azken aldiz ikusteko aukera izango zela iragarri zuen taldeak duela hilabete gutxi, Epitaph bira aurkeztu zuenean. Gerora disko berria prestatzen ari direla iragarri zuten, eta aurrerantzean emanaldi gehiago egin ditzaketela iradoki. Taldearen sortzaileetako batek, K.K. Downing gitarra jotzaileak, taldea utzi zuen apirilean, musikarien arteko harremanetan gorabehera handiak zirela agerian utziz —Richie Faulkner gazteak ordezkatu zuen igandean, nahikoa txukun ordezkatu ere—. Jarraitzaile askoren begietara sinesgarritasuna galdu zuen gertaera horiek guztiak zirela tarteko taldeak, baina igandean lehen unetik publikoaren beroa izan zuen bidelagun Judas Priestek.

Ibilbide osoari begira

Errepertorioari erreparatuz gero, aitzakiarik ez zuen izan Judas Priesten emanaldiak; konpletoa izan zen, agurrekoa omen den bira batentzat aproposa. Ia 40 urteko ibilbidean argitaratu dituzten disko guztiei egin zieten tartea, kanta batekin gutxienez. Noski, diskografia luze eta zabala duten taldeekin beti gertatzen da: zale bakoitzak halako edo besteko kanta aukeratu edo kenduko zukeen emanalditik, baina Judas Priestek azken birarako eginiko aukeraketari pega gutxi jar dakioke. Zuzenean orain arte jo gabea zuten Blood Red Sky—Ram it Down diskoan ikusi zuen argia, 1988an—, 1974an argitaratutako Rocka Rolla laneko Never Satisfied eta 1977ko Sin After Sin diskoko Starbreaker izan ziren ezusteetako hiru. Bi ordu pasako emanaldia izan zen, argiztapen dotore, su festa eta laser izpi, eta metal doinu klasikoek osatua, baina indarrean hasi eta pixkanaka ahulduz joan zena.

Epitaph inskribatua zuen panel erraldoia kendu eta irten ziren musikariak, egurrean, Rapid Fire kantarekin. Erresuma Batuko 80ko urteetako altzairu fabriken irudiak atzean —British Steel diskoa gogoan—, ke eta su artean. Metal Gods, Heading Out to the Highway eta Judas Rising izan ziren hurrengoak. Rob Halford ahotsez ongi hasi zen, ezkorrenek iragarri baino hobeto; Night Crawler eta Victim of Changes izan ziren horren adierazgarri. Kontzertuak aurrera egin ahala, nekea antzeman zitzaion nabarmen. The Sentinel eta Painkiller interpretatzeko modurik ez du egun, eta Breaking the Law mitikoan pasarte bakar bat ere ez zuen abestu.Hori bai, irribarrea ahotan irten ziren ia hamar mila zaleak. Azken aldia ote? Epitafioa idazteke dutela dirudi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.