Kritika. Dantza

Erakutsi ala iradoki

Agus Perez.
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Miarritzeko Maitaldia

Konpainiak: Thoma Noone eta Montecarloko Balletak.Eguna: irailak 18.

Iradokitzearen eta erakustearen arteko kontraesan garbia planteatu zaigu Maitaldia jaialdiaren azken egunean. Kataluniatik etorritako Thomas Noone dantza konpainia ezaguna da Euskal Herrian bere aurreko lanen zorroztasun estetikoagatik, eta argi zegoen dantzazale batzuk etorriak zirela aurretiaz ezagutzen zutelako. Baina Miarritzera ekarritako pieza, The Room, helmuga askoren erdibidean geratu zen, eta ez bakarrik soinu-bandaren laztasun itzelarengatik —horretan ere gehiegi erakutsi nahi izan zuen Noonek—, baizik eta planteamenduaren sakontasun faltagatik.

Izan ere, bere aurreko lanetan Noonek ez du gai jakinik erabili, eta dantzaren purutasunak eta maila tekniko gorenak igoarazi dituzte ikusleen emozioak eremu igarri ezinetaraino. Oraingoan, ordea, ageri-agerian erakutsi ditu bere tantoak, konpainiako sei dantzariak bunker itxurako gela batean jarriz eta haien gaitasun zoragarriak antzerki-itxurako balizko dramatikotasunean itota.

Montecarloko Balleten konpainiak, berriz, bere erabateko sendotasuna baliatu zuen ballet garaikidearen lorpen guztiak jokaldi bakar batean erakusteko, eta Jean-Christophe Mailloten Opus 50 lanak jaialdi osoan ikusitako guztia gainditu zuen, ikusleei mundu honetaz haraindiko metafora zoragarria eskainiz eta plazer eta heriotzaren inguruko gogoeta ia metafisikoa eginez, dantzarien teknika gaindiezinaren eta jantzien nahiz eremu eszenikoaren estetika aratzaren laguntzarekin.

Konpainiaren bigarren pieza, Altro Canto, Bilboko Arriagan ikusi genuen duela lau urte pasatxo, eta orduan komentatu zen orriotan, baina nik bereziki eskertu nuen deskonpresio moduko atal hori, Monteverdiren musika dotoreak, Karl Lagerfelden jantziek eta, batez ere, eskuak paraleloan eta elkar ukitu gabe jokatutako duoak erabateko edertasunera eraman gintuelako.

Azkenik, aipatu behar da duoko mutila Asier Uriagereka bilbotarra dela, eta Beatriz Uhalte iruindarra eta Asier Edeso donostiarra konpainiako dantzariak ere badirela, horrek asko esaten duelako gure dantzarien kategoriaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.