Donostiako 73. Musika Hamabostaldia. Kritika. Viktoria Eugenia

Eten ez dadila

Gustavo Diaz-Jerez. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Arkaitz Mendoza.
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Gustavo Diaz-Jerez

Egitaraua:Erik Satie, Claude Debussy, Lili Boulanger eta Maurice Ravelen obrak. Lekua: Viktoria Eugenia Antzokiko Club aretoa. Eguna: Abuztuak 29.

Begiak itxi eta bidaia luze baten atarian gaude. Musika leuna, gozoa, edozein fereka hotzikara bihur dezaketen horietakoa. Frantziako belardi hezeak, kolore bizikoak, eguzkiaren loaldian beren usain freskoa barreiatzen dutenak; egurats honetan koka beharko genuke Gustavo Diaz-Jerezen piano errezitaldian sentitutakoa. Urteetan gozatu dudan piano kontzerturik finena izan da kanariarrak biribildutakoa. Dotore, estilo airosa zintzoan, ameslari, garden eta laztan samurrean aritu zen piano jotzailea. Inpresionismo garaiko musikak hegaldi luze emankorrean zabaldu ziren emanaldi osoan. Erik Satieren umore adarjotzailetik Claude Debussyren taxu etereora dinamika arloa higidura anitzez landu zen, Club areto txikiaren pareta oro barrentzeraino.

Tekla bakoitza pisu egokian zapaltzean soinu kalitate bereziak lor daitezke, pianissimi isil batetik fortissimi bortitz batera. Diaz-Jerezek guztiz menperatu zituen intentsitate esparruak, ezker eskuaren laguntza sotila eskuineko ur tantazko melodietara hedatuz. Satieren 3 Nokturnoak harribitxi preziatuak izan ziren haren eskuetan, eta Debussyren Hommage à Rameau obran teklatua goitik behera maisuki ekortu zuen, teknika musikaltasunaren menpe jarriz. Ordubete iraun zuen haraindiko errezitaldi honetan isiltasunaren garrantzia behin eta berriz sentiarazi zigun musikari kanariarrak. Ez zen den-dena musika soinuz bete, isiltasunaren musika estimatzeko Lili Boulanger emakumearen D'un jardin clair obra edota Maurice Ravelen Gaspard de la nuit trilogiaren Ondine musika atala ederki eskaini zigulako. Handikeriarik gabe, oro bere neurrian, entzulearen zentzumenak une batez blokeatu eta paradisuko bidaia luze zoragarri hau eten ez zedila erregutu genuen. Milesker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.