Zinema. Estreinaldiak. Kritika. Zinema

Etsipena eta amorrua

Gontzal Agote.
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
'Tyrannosaur'

Zuzendaria: Paddy Considine. Aktoreak: Peter Mullan, Olivia Colman, Eddie Marsan, Paul Popplewell. Jatorria: Erresuma Batua. Urtea: 2011. Iraupena: 92 minutu.

Errealismo sozialaren barruan, adarrik ilunena aukeratu du Paddy Considine aktoreak bere lehen film luzerako. Tyrannosaur-ek zinema britainiarrak bere egin duen genero horren barruan sartzen da, baina diferente egiten dituen hainbat ñabardura interesgarri ditu.

Ken Loach, Mike Leigh eta enparauek erabiltzen dituzten kodeetatik urruntzen saiatu da. Deserrotze soziala, alkohola eta txirotasuna oso presente daude istorio osoan, horren ezinbesteko osagaiak dira. Baina alderdi sozialetik aldenduz, kamerak bi protagonistek bizirik irauteko egiten duten ahalegin ia desesperatuari jarriko dio arreta, testuinguru sozialaren azterketa beste baterako utzita.

Aktore bat zuzendari lanetan, zuzendaria izan den aktore bati aginduak egiten. Nabaria da Considinek zein Mullanek ederki ezagutzen dituztela kameraren bi aldeak, eta horrek indar berezia ematen die bataren interpretazioari eta bestearen aktore zuzendaritzari. Horixe da Tyrannosaur honen bertuterik handiena.

Paisaiak grisak dira; auzune tristeak; egunerokoa, hitsa; Tyrannosaur-en horiek halaxe dira, eta Considine ez da saiatuko erantzuleak bilatzen. Agertoki horretan mugituko dira pertsonaiak, hori dutelako eguneroko ogia, hortik ateratzeko edozein ahalegin antzu samarra dela jakitun direla ematen du hasieratik. Ez dute bidegabekeria konponduko duenik bilatuko, aski dute patu beltza ahalik eta hobekien gobernatzearekin. Alde horretatik, film hau gertuago dago Andrea Arnolden lehen bi pelikuletatik, Loachen diskurtso sozialetik baino.

Erredentzioa bilatuko dute bi pertsonaia nagusiek, gurutze bidea den bidegurutze batean elkartzen direnean. Salbatzailea omen dena hurkoa salbatzen saiatuko da, bere sinesmen errotuek hori agintzen diotelako. Bere burua, ordea, ezin salbatu; azkenean, rol aldaketa esanguratsu bat gertatuko da. Hondoan zegoenak hondoan segituko du, baina aurrera ateratzeko kemena bilduko du, eta ustezko salbatzailea erredentziorako aukerarik gabe geldituko da.

Gogorra, lehorra, mailukada baten bezalakoa da filma, esperantzarik gabeko pertsonaiek etsipenerako bidea barneratuta daukate, eta eremu horretara eramanen dute ikuslea. Gozamenerako tarte urriak edozein momentutan eztanda egin behar duen biolentzia kolpeen azpian lurperatuta geldituko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.