Kritika. Artea

Euskarriaren garrantzia

Pantaila globala erakusketako lanetako bat. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
'Pantaila globala'

Lekua: San Telmo museoa. Donostia. Noiz arte: irailaren 30 arte.

Irailaren 30era arte ikusgai da San Telmo museoak Bartzelonako CCCBrekin ekoitzitako Pantaila Globala erakusketa. Gilles Lipovetsky eta Jean Serroyren liburuan oinarriturik, erakusketaren helburua pantailak historiako hainbat alderditan eduki duen eragina zabaltzea da, eta teknologiaren eboluzioak eta pantailaren eraldaketak parte hartzean eta informazioan eragin duten eraldaketa azaltzea. Lipovetsky eta Serroy erakusketaren komisarioak ere badira, Andres Hispanorekin batera.

Antolaketa eta aurkezpen aldetik, erakusketa txukuna antolatu dute. Erakusketako ibilbidea ondo moldatu da San Telmoko erakustareto luze eta estura, proiekzio eta pantailetan oinarritzen diren gune sinple batzuei esker. Nahiz eta ikuslea proiektatutako irudietan murgiltzen den, horien euskarrian datza erakusketaren muina. Zazpi ataletan pantaila beraren eboluzioaren inguruko ibilbide bat planteatzen du. Ibilbideak pantailaren metamorfosia eta erabileraren arrasto batzuk aurkezten dizkigu, zinema, telebista, ordenagailua eta egungo iPadetaraino. Horrela, gaiaren eta euskarriaren arteko lotura bat ere sumatzen dugu, publizitate gunea pantaila askoren gune bihurtzen da, telebistaren gizarteratzea eta publizitateak eduki duten lotura kontuan hartuz. Zaintza pantaila ehunka zaintza irudik osatzen dute, pasabide estu batean kokaturik; eta bestalde, jokoaren pantaila iPad bidez bizi ditugun errealitate hedatuko instalazioez hornitzen da.

Erakusketa bi espaziotan banatzen da, antolatzaileek eremu eta kontraeremu izendatutakoak. Lehenengoa komisarioek eginiko irudien aukeraketa da, erakusketako zazpi ataletako irudien sailkapena: historia pantaila, politika pantaila, publizitate pantaila, gehiegitasun pantaila, zaintza pantaila eta jokoa pantaila. Bakoitzak erreferentzia duen gaiaren inguruko begiratu bat egiten du, zinema telebista eta ordenagailuko pantailek eduki duten eragina azalduz. Atal bakoitzaren azterketa bat egiteko orduan, ikusleak gaiarekin lotzen den historia aurkituko du, nahiz eta hori ez den erakusketaren helburu nagusia. Pantaila bakoitzak gogoeta bat planteatuko du, gaiarekin lotutako momentu eta ekintza aipagarrienak aurkeztuta. Kontraeremua, berriz, plataforma birtualaren bitartez jaso diren bideoek osatzen dute.

Erakusketa ulertzeko orduan, oso garrantzitsua da eboluzio horrek izan duen ibilbidea kontuan hartzea. Gizartean pantailak eduki duen eraldaketaren ibilbidea da, garai bateko zinemako pantaila handietatik, gaur egun ordenagailu, eramangarri, iPad edo sakelako telefonoetaraino. Euskarriaz gain parte hartzeak indar berezia hartu du erakusketako ideia orokorrean. Azken urteetan teknologia berriei esker lortu den demokratizazioaren itzala indartsua da, eta komisarioek kontzeptu hori aipatu nahi izan dute. Ikusleei ongi etorria Izarren inperioa bideo sorkuntzak ematen die, non argi ageri den euskarriaren demokratizazioak pertsonaiaren inguruan eragin duen eraldaketa; Tetris baten modura, garai bateko zinema izarrak gaur egungo Youtubeko izar anonimoekin estaliz doaz.

Teknologiaren zabalkundeak, Interneten sarrerarekin batera, parte hartzearen garrantzia azpimarratu du, pantaila soziala deritzona sortuz. Pantailak, pertsona edo ideologia jakin baten menpean egon den tresna bat izaten hasi, eta elkarrizketa eta parte-hartze tresna bihurtu dira, eta, ideia hori sustatu nahirik, ikuslea edukien sortzaile izateko plataforma bat zabaldu nahi izan dute. Plataforma horri esker, nahi izan duenak hainbat gairen inguruko eduki askotarikoak jartzeko aukera izan du, eta, gaur egun, erakusketa fisikoaren parte dira.

Gaur egun, komunikazio, sormen eta kulturaren euskarri nagusiak bihurtu dira eragin izugarria izan da; euskarri horrek eragin izugarria izan du gure ohituretan eta munduarekiko ikuspuntuan. Bizi garengizarte honetan, geroz eta estuagoa da pantaila eta edukien arteko lotura, eta, Pantaila Globala-ren kasuan bezala, ikuslearen partaidetza bultzatzeko bide berri bat bihurtu da. Gizarteko beste hainbat alorretan gertatu bezala, kultura eta artearen munduan ere pantailaren erabilera areagotuz joan da, edozein erakusketatan ohiko euskarri bihurtzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.