Egon Schiele
Non: Bilboko Guggenheim museoan. Noiz arte: 2013ko urtarrilaren 6ra arte.
XX. mende hasierako Viena. Klimt, Freud, Wittgenstein, Kraus, Zweig, Mahler, Loos, Schoenberg, Kokoskcha edo Musilen hiria dugu. Artearen, anbizioaren eta intelektualismoaren konbinazio txundigarria ezagutu zuten saloietan, sorkuntza zientifiko eta kultural aberatsarekin batera sentimendu nihilista bat zen indarrean, Austria-Hungariako Inperioaren —eta mundua ikusteko modu baten— gainbeheraren isla. Giro horretan bizi da Egon Schiele (1890-1918), espresionismoaren maisu handienetakoa. Haren lan grafiko enigmatikoak ditugu Guggenheimen ikusgai.
Pieza guztiak datoz Albertina museotik, artistaren lan grafiko funts handiena duen instituzioa. Aro eta estilo guztietako lan hautaketa polita dugu. Vienako Arte Ederren Akademian ikasten hasi zen Schiele segituan aldendu zen konbentzio akademikoetatik, teknika aniztunak erabiliz; naturalismoarekin, sinbolismoarekin eta inpresionismo berantiarrarekin aritu bazen ere, Jugendstil vienarrak eta bereziki Klimtek eragin berezia izan zuten harengan. Oso estilo pertsonala garatu zuen, sezesioak arautu azaleren tratamendu dekoratibo eta marra ornamental arinen barnean, espresionismorako aldaera argia eginez. Gai berriak tratatu zituen —emakume umedunak, autorretratuak, biluzi erotikoa—, trazu gutxitan gizaki garaikidearen ezinegon existentziala agertuz, gaurkotasun handiko konposizioei bide emanez.
Espresionistek, arau akademikoekin hautsita, formazio burgeseko sorkuntza artistikoa eta historizismoaren errekurtsoa erdeinatu zituzten, adierazkortasun nabarmeneko lengoaia formal baten alde. Schielek, gorputzaren bihurrikatze eta deformazioekin, ederraren eta groteskoaren artean kokatuz, giza figuraren paradigma birdefinitu zuen. Arkatz, ikatz-ziri, akuarela, gouache zein tintazko urkoloreaz egindako lanekin, gogorarazten digu marrazkia ez dela pinturaren senide txikia.
Bikoteen besarkada intimoak, biluzi osoak, Krumau amaren hiri hila, pobreki jantzitako ume proletarioen potretak, Edith Harms emazte burgesaren eta haren familiaren erretratuak, neskato gazteak, baporeak, zein argazkilaritza artistikoarekin egindako saioak aurki genitzake mostran. Baita kartzelan ezerezean geratu zen pederastia akusazioagatik pasatako egunetan gauzatutako serieko lanak ere, giltzapean bizi izandako barne larritasunaren —burdin sareak, perspektiba ezinezko aulkiak— erakusgarri.
Lan interesekoenen artean autorretratuak daude. Besteen izaerak bere eginez, bere burua modu askotara agertu zuen hainbat aldiz —betazala luzatuz; txaleko hori batez; emaztearekin— modu teatralean. Gatazka psikosozialen eszena gisa funtzionatzen duten eszenak dira. Beste erretratuetan ere jeinutasunez lortzen du errepresentatuaren psikologia agerraraztea. Bereziki aztoragarriak dira emakume batzuen figurak, oso erotizatuak, gizonezkoenak ez bezala. Gorputz arraustuak dira, anatomiaren proportzio desitxuratu argiekin; biziki argalak, estilizatuak, berna luzedunak, eskeletikoak hainbat, jarrera bortxatu eta batzutan aurpegi fantasmagorikoekin. Oso esplizituak izan arren ez dira preseski pornografikoak, eta —nahiz eta artistak ikuslea voyeur-aren lekuan kokatzen duen— erotismo atsegin bat ere zaila da atzematen, askok gozamena baino sufrimendua adierazten baitute gehiago.
Teknikoki maisua dugu Schiele. Kaligrafia dardaratsu bezain ederra da berea. Baliabideen ekonomia izugarria aplikatzen du marrazkietan —pinturetan baino libreago—, eta formalki lan urria bada ere, minimoa, soberako marra gabekoa, adierazkorra da oso. Motiboaren eta paperaren azalera hutsaren arteko oreka egokia lortzen du, eta pertsonaia asko objektu edo koordenatu gabeko espazioan kokatzen dira, testuingururik barik, atmosfera bitxi eta irrealei bide emanez. Planoen arteko haustura agerikoa da, abstrakzioarekiko bidean zenbaitetan, eta horri kolorearen erabilera soil baina erradikala gehituz, askotan eszena bikainak osatzen ditu. Bukatzear dauden sentsazioek, materialen fintasunak zein paperen zimurrek oso pieza delikatuak egiten dituzte.
Abangoardia vienarrak Schiele Klimten oinordekoa kontsideratu zuen espresionismoa hizkuntza plastiko garaikide lez onartu zenean. Europako hainbat hiritan bere lanak agertu ostean, Vienako Sezesioaren 49. edizioan lortu zuen ospe eta arrakasta nagusia, baina segituan hil zen, 28 urte zituela, gaixo. Paperean giza arimaren urradurak, gizakiaren barne izaeraren ahuldadeak eta alderdi oinazetuenak agertzen asmatu zuen, galdeginez: nor da gizakia, eta zein dira jokatzen dituen rolak? Interpretazio zehatzik egiterik ez badago ere, mostrako komisarioak dioen legez, Schieleren unibertsoan, gizakia apurtuta eta egunaren bukaeran bakarrik dago.
Kritika. Artea
Ezinegon existentziala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu