Ivo Pogorelic
Hari laukotea: Parisii. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: ekainak 29.
Ikasturtea amaitzeko tentaldi handiko musika saioa izan dugu Donostiako antzokian. Ivo Pogorelic piano jotzaile maisu, bitxi, arrotz eta probokatzailea berriz ere gure artean. Hamazazpigarrenez hurbildu da Donostiara bere musika pentsaerak zabaltzera, hiria gustuko du eta guretzat bere kontzertuak ezuste galanta izaten dira musika irizpideetan oinarritzen bagara. Ordu erdiko pianorako sonata bat ia ordubetean interpretatzen duen pianista bat edonon ikusmina sortzeko gai da eta honetan Pogorelic maisu ororen maisu da.
Parisii laukoteak esperientzia handiko ezagutza du ganbera musikan, taldekideak ez dira abileziagatik nabarmentzen, baina elkar entzuketan eta bakarlariari segika bikain aritu ziren. Ez zen makala izan Pogorelicen musika tempi ezberdinen nondik norakoak guztiz doi jarraitzea eta horretan Parisii laukotea eta Euskadiko Orkestrako kontrabaxu bakarlari Alek poloniarra txalogarri aritu ziren. Laukotearen soinua ez zen distiratsua entzun, lehen biolinean genuen Martignoni nahiko ilun Chopinen adierazpenetan, esaldi bakoitzaren garapena motz geratuz.
Pogorelicen erakustaldian soinuaren kontrolpea azpimarratu beharko genuke, edozein unetan ikaragarrizko fortissimi biribil batetik xuxurla fineko pianissimi batera bihurtzeko berezko gaitasuna baitu Belgradeko pianistak.
Teklatuan barrena bertute saio galanta zabaldu zuten Pogorelicen eskuek. Ez da dotore izango, ezta sentibera bereziko musikaria ere, baina tentaldi eta entzuleria astintzen hoberena dugu Pogorelic. Chopinen cantabile pasarteetan gehiegizko indarra azaldu zuen eskuin eskuko melodietan baina ezkerreko eskutik zetozen harmonia laguntza distiratsuak entzunda, musika oreka zoragarria suertatzen zen. Teknika deabrutsuko pasarteak aldiz, tocco bereziz eta arinez gainditu zituen, gaur egungo piano jotzailerik iraultzaileenetako bat dela frogatuz.
Kritika. Musika
Ezusteak eta tentaldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu