Kritika. Zinebi jaialdia

'Funny games'

Javier Rebolloren Anfitrioi berezia filma. Z / BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
'Anfitrioi berezia'

Zuzendaria: Javier Rebollo. Aktoreak: Lander Otaola,Mikel Losada, Aitziber Garmendia,Loreto Mauleon, Yannick Vergara, Susana Soleto. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 98 minutu.

Emanaldi berezien sailean, azken euskal produkzioak aurkeztuko dituzte datozen egunotan Zinebin; horien artean,lau dokumental eta Javier Rebollo egile bilbotarrak zuzendutako Anfitrioi berezia fikziozko lana. Gazteentzako edozein pelikula amerikar bezala hasten da filma, eta euskaraz grabatutako lana izanik, aurreiritziak albo batera uztea zaila gerta dakioke hasieran ikusleari. Egia da eszena jakin batzuk burmuinean pantailan baino lehenago gertatzen direla, eta une horietan sinesgarritasuna galtzen duela argi dago, baina oro har emaitza ona dela aitortu behar da. Pelikula harrigarria eta ausarta dela ezin uka daiteke. Ez da Esnalen Urte berri on, amona! bezain harrigarria eta basatia, baina bat baino gehiago ezustean harrapatuko duelakoan nago. Protagonista opor zoragarriak igaroko dituelakoan dago, baina infernuetara jaitsi beharko du. Baina kasu honetan ez du maisuaren laguntzarik izango, arriskuan bakarrik egongo baita. Thriller psikologiko moduko bat dela esan daiteke, eta Iñigo pertsonaiarekin (Lander Otaola) berehala lortzen da identifikazioa. Gezurretan eta bi neskarekin jolasean ibili dela jakinarazten zaigu hasieran, eta horrek haren ingurukoen jarrera guztiz baldintzatuko du. Gezurretan ibili denez, gainerakoek ez diote hitz bat bera ere sinetsiko, eta Iñigo bere paranoiak besterik ez direla pentsatzen hasiko da ezinbestean. Mikel Losadak psikopata xelebre batena egiten du, eta haren asmoen berri jakitea ez zaio erraza gertatuko publikoari; hortaz, zalantzak ez dira argituko amaiera arte. Ez dago argi hiltzaile bat den edo gazte inozo eta txoriburuak beldurtzea atsegin duen komediante bat. Euskal psikopata jolasean arituko da Iñigo gizajoarekin eta baita publikoarekin ere. Iñigok nerabeen mundua atzean utzi beharko du betiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.